Arizmendiko 4. DBHko ikasleek entzun zituzten Aragoiko Oswaldo Pairenak. Malabareak eta hitzen indarraz baliatuz, umorea osagai nagusi zuen ordubeteko saioa egin zuen, entzuteaz gainera, kontakizunean parte hartu zuten gazteen aurrean.
Helduentzako, hiru kontalari
Bego Alabazan euskaldunak egin zuen saio hirukoitzeko lehenengoa, eta hark egin zituen ondoren, aurkezle eta kontalarien arteko lotura lanak.
Brasildarrak, Clara Haddadek hartu zuen lekukoa. Kontalari izatea nondik datorkion kontatuta hasi zuen saioa; txikitan amamak kontatzen zizkion ipuinetatik sartu zitzaion harra eta horrek bultzatu zuen gero bera ipuinak kontatzera. Segidan egiari buruzko bi ipuin kontatu zituen, modu goxoan, justizia, egia eta beste hainbat gai potoloren gaineko hausnarketak Kulturatera ekarrita. Hitzez gainera, gorputzaren mugimenduaz baliatzen zen Haddad; ikaragarrizko gorputz espresioa zuen.
Bartzelonan bizi den Alekos kolonbiarra izan zen azkena. Baso batetan murgildu zituen entzuleak, umore eta hitz jario handiarekin. Gitarra eskuetan egin zuen kontakizuna, tartean, abesti bat edo beste kantatuz ere bai. Alekosen ipuinak surrealistagoak ziren, akaso ulertzeko zailagoak ere bai, baina sekulako giroa sortu zuen eta, emanaldia bukatu bazuen ere, entzuleek beste bat eskatuta, buruz errezitatu zuen ederto olerki bat.
Zine txartelen zozketa
Ospakizunekin jarraituz, gaurtik apirilaren 30era, liburuak maileguan hartzen dituztenen artean, haur eta helduentzat 10 sarrera bikoitz zozkatuko dituzte.