'Zazpi aldiz elur' obra eskainiko dute domekan Amaia Antzokian

Jon Moñux 2014ko api. 11a, 11:32

Oñatin egin zuten 'Zazpi aldiz elur' antzezlaneko irudi bat.
Mikel Laboaren musika oinarri duen musika-antzerkia da, eta Mireia Gabilondo bergararra da obrako zuzendaria. Poesia, antzerkia, musika eta ikus-entzunezkoak nahasten dituen ikuskizuna da 'Zazpi aldiz elur'.

Domekan egingo dute Zazpi aldiz elur ikuskizunaren emanaldia Arrasateko Amaia Udal Antzokian, 19:30ean. Ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gora behera, eta sarrerak Amaia Antzokian eta Arrasateko Udaleko webgunean erosi daitezke. Udaberriko Musikaldia ekimenaren barruko azkenengo ikuskizuna izango da Mireia Gabilondoren lana.Debagoienean eskaintzen duten bigarren ikuskizuna da, izan ere, Oñatin ere egon ziren otsailaren 28an.

Bernardo Atxagak Mikel Laboaren omenez 2009an Erleak aldizkarian idatzitako artikulu bat du abiapuntu Tanttaka antzerki taldearen lanak. Ikuskizunak poesia, musika, antzezpenak eta bideo-proiekzioak tartekatzen ditu, eta kontakizuna zazpi ataletan banatua dagoela azaldu du Mireia Gabilondok: "Mikel hil zenean, elurra ari zuela-eta elurrak daukan ukitu poetikoarekin hasten gara". Laboa haurrekin lan egiten zuen psikiatra modura erakutsiko dute bigarren zatian. Gero, humorea oinarri duen pare bat atal eskainiko dituzte, "zine komikoa eta Mikelek maite zuen Cantinflas aitzakia hartuta", dio Gabilondok. Azkenik, txoriekineta heriotzarekin lotutako atalak daude. 

Antzerkiko testua Bernardo Atxagarena da, eta Mireia Gabilondo bergararra, ikuskizunaren zuzendaria izateaz gain, aktoreetako bat ere bada. Bost interprete daude guztira ikuskizunean: Iñaki Iriarte bigarren aktorea da bergararrarekin batera. Iñaki Salvador eta Angel Unzu musikari aritzen dira eta Maria Berasarte da abeslaria. Hala ere, paperak ez dira hain zehatzak, izan ere, abeslariak antzezle lana ere egiten du, eta musikariak kontalari bezala ere ibiltzen dira. Bost interpreteek denetik egiten dutela dio Mireia Gabilondok. 

Mikel Laboa erreferente 

Askotan sartu ditu Mireia Gabilondok Mikel Laboaren kantuak bere lanetan. Zazpi aldiz elur ikuskizunerako, berriz, osagai batzuk kendu eta gaineratu dizkie zuzendariak kantuei. Hala ere, kantuen nortasuna mantendu duela dio Gabilondok: "hura askea zen, eta haren lanek ere izaera bera zuten, eta guk hori guztia errespetatu dugu". Ikuskizunera "haren ausardia" ekarri nahi izan dutela gaineratu du. 

Mikel Laboarekin harreman zuzena izan zuen aktore bergararrak. Txikitatik entzun zuen artista, eta bere musikak gauza asko erakutsi dizkiola dio Mireia Gabilondok: "oso inportantea izan da nire heziketa pertsonalean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak