Zergatik sartu zinen Gure Esku Dagon? Zerk bultzatu zintuen?
Arrasaten ere Gure Esku Dago lantalde irekia abian jartzekotan zegoela-eta, lagun baten gonbidapena eta bultzadatxoa jaso ostean sartu nintzen. Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko herri ekimenak ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katea dugu helburu orain bertan. Gazta Zati Bat dokumentalean esaten denez, erabakitzeko eskubidearen gaia ezin da politikarien eskuetan bakarrik utzi.
Euskal Herriak zeinekin, zelan eta zertarako bizi erabakitzeko eskubide demokratikoa du eta inork ezin du hori ukatu. Denetariko ikuspegi, afizio, ofizio, adin eta jatorriko jendea egongo den ekimenean nire aletxoa jartzeko sartu nintzen lantaldean.
Ateak zabalik daude oraindik?
Erabat. Ederra izango litzateke jende gehiago animatzea; astelehenero elkartzen gara Kulturaten (18:30), giro ederrean eta ilusioz gainezka. 20 bat lagun gara, bost azpitaldetan banatuta.
Egitarau erakargarria antolatu duzue etzirako. Zer da Eskutik Eskura Egunerako prestatu duzuena?
Domekan erraldoi, gaitero eta kilikien gidaritzapean alde zaharreko hiru ateak lotuko dira eskutik eskura, giza kate txiki bat eraikitzeko. Kataluniarrak bidelagun izango ditugu, castellers-a eraikiko dute-eta. Horretarako, baina, domeka eguerdian jendea Herriko plazan erruz elkartzea komeni da. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako eta eguraldi ona enkargatuta dago. Animatu!
Domekakoa moduko egun bat antolatzea ez da erraza izango, edo?
Lan apur bat ematen du bai, baina denon artean eta herritarren laguntzaz pozik egiten da.
Ekainaren 8ko giza katera begira, nola doa metroen salmenta Arrasaten? Oraindik erosi ez duenak non eros dezake?
Jendea badoa giroan sartzen, koadrilak animatzen doaz eta ilusioa sumatzen da. Txartela bete ezkero ekainaren 8ko giza katean egoteko konpromisoa hartzen du herritarrak; bost euroren truke petoa jaso eta albokoari eskua eman, hori bezain sinplea izango da. Arrasaten 1.500 metro lotu gura dira gutxienez, eta momentuz 600 lagun inguruk eman dute izena. Seber Altube plazan jarri dugun termometroa laster hasiko da kea botatzen, gora eta gora.
Oraindik metroa erosi ez duenarendako eguena eta egubakoitza izaten dira Portaloian mahaia jartzeko egunak, 19:00etatik 20:30era. Bertan metroen txartelak, kamisetak eta herriko musikari zein idazleen produktuez betetako saski baterako txartelak jartzen ditugu salgai. Eta noski, zuen galdera guztiei erantzuteko borondate ezin hobea ere aurkitu duzue.
Zerbait gaineratzerik nahi duzu?
Hasteko, animoak bidaltzea kataluniarrei, honezkero hasita duten bidean aurrera egin dezaten. Euskal Herriari dagokionez ere, denon artean egin beharreko bide luze honetako lehenengo urratsean ere animo asko denoi, beharko ditugu-eta!
'Eskutik Eskura Eguna' Herriko plazan, apirilaren 13an
11:30 Jana eta edana.
12:00 Giza katea alde zaharreko arkuak batuz.
12:30 Gaiteroak eta Erraldoi eta kilikien konpartsa.
13:00 Sant Cugat del Valleseko castellers-ak.
Goizean zehar Metro eta kamiseten salmenta.
Oharra: Eguraldi txarra bada ekitaldiak Uarkape frontoian egingo dira.
Laguntzaileak: Udala, Otamendi Agirre-Etxe, Gorka eta Giokela.