Arrasateko PSE-EEk iragarri du ez dela gaurko ezohiko osoko bilkuran egongo

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 10a, 14:24

Puntu bakarra jorratuko da gaurko saioan (18:00): 'Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu' izenburupean, Udalbiltzak Aberri Egunera begira aurkeztutako mozioa, hain zuzen. Sozialistek deialdia kritikatu dute eta aurreratu dute ez direla bertan egongo, ez dutelako "urtetan sektarismoagatik bereizi den erakunde hori aintzatesten".

"Ezker abertzaleak, EAJk eta Ezker Batuak sinatutako Lizarrako Akordiotik geratzen den legatuaren sinbolorik agerikoena da Udalbiltza. Sozialistak kanpoan uzteko eta indar nazionalisten batuketaren politika frentista bat egiteko helburuarekin sortu zen", adierazi du PSE-EEren Arrasateko bozeramaile Aritz Arrietak, prentsa ohar bidez.

Zentzu horretan, "sozialistek euskal pluraltasunaren alde egiten duten apustua" berretsi du, "EAJren laguntzarekin, Bilduk ohituta gaituen erradikalismoaren aurrean".

Ezohiko osoko bilkura "arrazoirik gabea" dela ere gaineratu du: "Udalbiltzaren mozioa ohiko osoko bilkura batean jorratu zitekeen, baina Bilduk eta EAJk entitate eta protagonismo handiagoa eman nahi izan diote Udalbiltzari". Horrez gain, Udalbiltzaren mozioa salatu du Arrietak, "Burgosko bi herri eta Cantabriako bat, beste askoren artean, Euskal Herriko parte moduan aurkezten" dituelako.

Azkenik, Arrasateko Udal Gobernuari eskatu dio Eudel eta bere "bitartekari izaera" aintzat hartzeko: "30 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Euskadiko Udalen Elkartea euskal munizipalismoaren erreferente da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak