Maiatzaren 10ean izango da VI. Takarraran emakumeen lasterketa

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 9a, 14:42

Arrasateko Berdintasun sailak eta Aukeak elkarlanean urtero antolatzen duten Takarraran emakumeen lasterketaren seigarren aldia aurkeztu dute gaur eguerdian. Orain arte martxoaren 8aren bueltan egin izan den lasterketari izaera propioa eman gura izan diote, eta aurten, maiatzaren 10ean izango da. Emakumeak kalean protagonismoa hartzea kirola eginez du helburu, eta jai giroa izango da nagusi egun horretan.

Aurten hilabete batzuk beranduago dator Takarraran, udaberrira begira egitea erabaki dute-eta. Baina helburuak urterokoak dira: "Kaleetan emakumearen presentzia areagotzea da asmoa lasterketarekin, jai giroan bestelako ekintza batzuk kalera ateratzea", azaldu du Maider Morras Berdintasun zinegotziak. Eta gaineratu: "Kirolean inbertitzen den dirua, atentzioa eta energia beti da gizonezkoen kirol profesionala sustatzeko eta hor ere emakumeok bigarren mailako izakiak gara. Horregatik esan gura dugu emakumeok kirola egiten dugula publikoki eta hori erakutsi gura dugu kalean.

Izen-ematea astelehenetik

Lasterketa maiatzaren 10ean izango da, zapatua, eguerdiko 12:00etan, eta 12 urtetik gorako emakumeek parte hartu ahal izango dute, federatuak izan edo ez. Maila bakarra egongo da eta ez da konometraje ofizialik izango. Portaloian hasi eta bukatuko da urtero legez, eta hiru kilometro eta erdiko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek. Ordubete lehenago, gainera, 11:00ak aldera beroketa ariketak egiten lagunduko du Aukeako monitore batek. Bukatutakoan, ostera, Uarkape pilotalekuan dutxatzeko aukera egongo da.

Kamiseta jasoko dute opari parte-hartzaile guztiek eta sariak ere egongo dira: lehenengo hirurei, adinez gazteenari eta edadetuenari eta lasterkari gehien ekarri dituen emakume taldeari.

Izena astelehenetik aurrera eman daiteke Aukean, Emakume Txokoan eta BAZen. Egunean bertan ere eman ahal izango da hasi baino ordu erdi lehenago. Izen-ematea debalde da.

Jai giroa kalean

Jai giroan ospatu gura dute Takarraran ekimena, eta lasterketaz gain, beste kirol batzuk ere izango dira, hala nola, futbol eta pilota partiduak Biteri plazan. Eta kale animazioa ere ez da faltako.

Hala, bai Berdintasun Sailak, bai Kirol Sailak Arrasate eta inguruko emakume guztik animatu dituzte lasterketaren seigarren edizio horretan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak