Taldeko Leire Estevezek azaldu zuenez, "artearen bitartez, emakumea gai zabal bezala islatu nahi du proiektuak". Horregatik, "artea eta emakumea uztartuko dituen egitasmoa bultzatu" nahi dutela dio.
Lehenengo bilera honetan ez zen egitasmoaren oinarririk finkatu oraindik, baina emakumea eta artea lotuko dituen proiektuko lantaldea martxan jarri zuten. Miren Barrenetxea artista gazteak esan zuenez, orain herriko beste artista batzuen partaidetza bilatu nahi dute. Asmo horrekin, adierazpen artistiko desberdinetan diharduten artista emakumeengana hurbildu nahi dute ekimen honen bultzatzaileek. "Berdin dio musika, antzerkia, pintura, eskultura edo bestelako edozein disziplinatan ibili; guztien lanak batu nahi ditugu", diote.
Bilera gehiago
Lehenengo bilera honen ostean, batzar gehiago egingo dituzte datozen asteetan. Ekimenean interesa dutenek 943 79 83 70 zenbakira deituta edo ekin.emakumeak@telefonica.net helbidera idatzita jaso dezakete nahi duten informazioa.