Bigarrenez hartuko duzu parte Madrilgo maratoi-erdian. Asko entrenatu zara?
Iaz ere parte hartu nuen, eta marka ona lortu nuen, gainera. Denbora hori hobetzeko prestatzea zen aurten nire helburua, baina bi hilabetez egon naiz min hartuta eta horrek baldintzatu egin du dena. Orain ondo nago, eta lasterketa ona egiteko prest nagoela uste dut.
Lesioa dela eta, aldatu egingo zen zure helburua.
Egia esan, zail ikusten dut iazko denbora hobetzea (1.11.00), baina, minutu bateko gorabehera izanez gero, pozik. Bestalde, bero egingo duela iragarri dute eta horrek ere eragina izango du emaitzan. Zaila izan arren, ahalegindu egingo gara, gutxienez! Bestalde, iaz moduan, aurreneko 45 sailkatuen artean egotea ere gustatuko litzaidake; izan ere, horrek indarra ematen du aurrera egiteko. Hori lortzeko gogor borrokatuko naiz.
Aurretik ezagutzen duzunez, nola definituko zenuke lasterketa?
Estatu mailan bospasei maratoi-erditan hartu izan dut parte, eta niretzako Madrilgoa da politena, eta baita gogorrena ere. Baina ederra da, Madril hirian bertan da eta jende ugarik hartzen du parte. Iaz 20.000 lagun aritu ginen eta aurten, berriz, 24.000 inguru izango gara.
Madrilgo lasterketa egin ostean besteren batean parte hartzeko asmorik baduzu?
Bai, baina beste gisa bateko lasterketak egitea pentsatu dut,; hau da, maratoi-erdiak barik distantzia laburragokoak izango dira, 10 kilometrokoak-eta.
Gasteizko talde batekin zabiltza orain korrika egiten, ezta?
Duela hiruzpalau hilabete La Blanca taldean hasi nintzen. Ez nuen zorte onik izan hastapenean, min hartu bainuen. Baina ordutik bi lasterketatan hartu dut parte eta emaitza onak lortu ditut, gainera. Oso pozik nago taldean, nigatik apustu egin dute eta ezin dut gehiagorik eskatu!
Gasteizen entrenatzen zara?
Normalean, Arrasaten aritzen naiz, nire kontura. Hori bai, astean behin Gasteizera joan eta haiekin entrenatzen naiz, kalitatezko entrenamenduak egiteko.