Erakusketa eta azalpen gidatua, Arrasateko Takolo-Goiru proiektua ezagutarazteko, gaur eta bihar

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 7a, 09:20

Gaur eta bihar, apirilak 7 eta 8, erakusketa bat egongo da ikusgai Kulturateko areto nagusian, arrasatearrek proiektua ezagutu dezaten. Horrez gain, hirigintzako zinegotziak eta arloko buruak proiektuari buruzko azalpenak emango dituzte bi egunetan, 19:00etan.

Gaur egun, Arrasateko Udalaren ardurapean dago GI-2620 errepidearen ia hiru kilometroko zeharbide zaharra (Legutio-Arrasate, Aramaiotik); joan zen urtarrilaren 10ean sinatu zuten eskualdatze-hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak eta, orduz geroztik, Udalarena da 19,515 kilometro puntutik 22,215 kilometro puntura arteko zatia, hau da, Takoloko biribilgunearen ingurua.

Bide-zati hori egoera onean eskualdatzeko obligazioaren ordez, Diputazioak 958.204 euro emango dizkio Arrasateko Udalari zoruaren egitura konpontzeko lanak egiteko; eta, aurrez iragarri bezala, Takolo- Goiru proiektua gauzatuko dute bertan.

Hain zuzen, gaur eta bihar –astelehena eta martitzena– aurkeztuko diete arrasatearrei Takolo-Goiru proiektua. "Izan ere, Mugikortasunean hobetzen jarraitzeko, proiektu hau hain garrantzitsua izanik, pentsatzen dugu oso interesgarria dela arrasatear guztiek berau ezagutzea", adierazi dute Udaletik.

Erakusketa eta azalpen gidatua

Xede horrekin, bi egun horietan, Takolo-Goiruri buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai Kulturateko areto nagusian, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, herritarrek proiektua ikusi dezaten.

Horrez gain, proiektuaren inguruko azalpenak emango dituzte Joxe Etxeberriak eta Juan Antonio Urdangarinek, hirigintzako zinegotzia eta hirigintzako arlo burua, hurrenez hurren. Azalpen dinamikoa izango da, hurbiltzen diren herritarrekin batera egingo dutena, erakusketako paneletan zehar ibilbide bat eginez. Eta amaieran, proiektuaren inguruko ekarpenak, galderak eta sentsazioak konpartitzeko tartea zabalduko da.

Gaur eta bihar, bi egunetan, emango dituzte azalpenak, 19:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak