Euskal konpositoreak protagonista Arrasateko Udaberriko X. Musikaldian

Miren Arregi Amasorrain 2014ko api. 1a, 16:40
Udaberriko X. Musikaldian bertan parte hartuko duten abesbatza, orkestra eta taldeen errepertorioan garrantzia berezia izango dute aurten euskal konpositoreen lanek: besteak beste Juan Arzamendi, Juan Crisostomo Arriaga, Pablo Sorozabal, Josu Elberdin eta Javi Bustoren lanak eskainiko dituzte. Egitarau osoa duzue ikusgai albiste barruan.

Klasiko hutsetik aldentzen den proposamena egin dute gainera aurten: Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak 'Bi arreba' emanaldiarekin zabalduko dute egubakoitzean zikloa. Apirilaren 13an bukatuko da, Bernardo Atxagaren 'Zazpi aldiz elur' ikuskizunarekin. Nazioarteko musikak ere izango du tokia Musikaldian: Argentinako Opus Cuatro taldeak, amerikan barrenako bidaia proposatuko baitu.

Gaur eman dituzte Musikaldiaren gaineko xehetasunak Arrasateko Kulturaten. Aurkezpenean izan dira Kepa Urteaga, Kultura zinegotzia, eta Karmelo Alberdi, Kultura teknikaria; baita, Musikaldian parte hartuko duten Arrasateko hiru taldeetako ordezkariak ere: Marta Izagirre, Arrasate Musikaleko zuzendaria; Inazio Olaizola, Arrasateko Txorbela otxoteko kidea eta Juan Antonio Barriocanal, Arrasateko Goikobalu Abesbatzako kidea. 

Hamargarrena

Herriko kultura eskaintzan mugarri berria finkatzeko helburuarekin sortu zuen Udalak Musikaldia duela hamar urte. Asmoa, musika klasikoaren eskaintza egituratzea. Hala, 50 kontzertutik gora eskaini dituzte urte hauetan guztietan. Egitarauan eta musika klasikoari dagokionez erreferente bilakatu da, askotariko eskaintzak egin dituztelarik: besteak beste erdi eroko musika eskaini dute, barrokoa, erromantikoa, gaur egungoa, euskal musika; bakarlariak, laukoteak, orkestrak, abesbatzak... Denborarekin, Arrasateko musikarien erakusleiho ere bilakatu da. Aurkezpenean gogora ekarri dituzte, hamar urteko ibilbidean Musikaldian parte hartu duten musikari arrasatearrak: besteak beste, Alberto Urretxo, Nestor Morales, Mikel Olazabal, Mikel Albistu, Aitor Olea... Baita Arrasate Musikaleko Orkestra, Txorbela Otxotea eta Goikobalu Abesbatza. Gogoratu, gainera, azken hori 25. urteurrena ospatzen ari dela.

Aipatu moduan, egubakoitzean hasiko da Musikaldia eta guztira apirilaren 13ra bitartean izango dira sei kontzertu. Horiek izango dira Arrasateko eliza eta areto desberdinetan: Kulturaten, Amaia Antzokian, eta parrokian eta San Frantzisko elizan.

Egitaraua

Arrasateko Udaberriko X. Musikaldia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak