J. Sang: "Jatea izugarri gustatzeaz gainera, kozinatzea ere oso gustuko dut"

Ubane Madera 2014ko api. 2a, 12:00
J. Sang. kontzertu batean, abesten.
Governors taldeko abeslari izateaz gain, Arrasate Musikaleko Big Bandeko kolaboratzaile ere bada Juan Corral Duran (Gasteiz, 1975). Eta Fjord, Brutal Melody eta Ekon musika taldeetan jardundakoa da, bateria jotzen eta abesten.

Zein da J. Sang?

Publikoki eta gauez Governorseko musikari eta egunez, Lanbide Heziketako irakaslea Zuazola-Larraña institutuan. Arlo pertsonalean, akats asko eta bertute bat edo beste dituen pertsona naiz.

Zela konpontzen zara sukaldean?

Jatea izugarri gustatzeaz gainera, kozinatzea oso gustuko dut, eta, batez ere, nik egindakoa probatzen dutenen aurpegiak ikustea; abesti bat egin eta entzuten duenaren erreakzioaren esperoan zaudenean moduko sentsazioa da.

Zein da zure espezialitatea?

Oso ondo irteten zaizkidan batzuk ditut: erreboiloa labean, etxeko saltsa bereziarekin eta panadera patatekin; hezur, urdai-azpiko eta barazki saltsarekin prestatzen ditudan garbantzuak; eta azkenaldian postreekin nabil.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Sukaldaritza txangoetarako lagun onenetako bi (Jimmy, SAko gitarra-jolea eta Jose Uribesalgo) gonbidatu ditut, adibidez, babak jatera Gatzagako Arrate jatetxean. Haluzinanteak. Eta txuleta jatera, berriz, Tolosako Casa Julianera. Inoiz jan dudan txuletarik onenak dituzte, eta asko jan ditut. 

Eta etsairik handiena?

Ez nuke gonbidatuko. 

Zeinekin eseriko zinateke mahian?

Askorekin; zerrendaren erdia baino gehiago miresten ditudan musikari handiak lirateke. Euskal Herriko pertsona ezagunen artean, Arnaldo Otegi aukeratuko nuke, bi arrazoirengatik: interesgarria iruditzen zaidalako eta horrek esan nahiko zukeelako kalean dagoela, dagokion lekuan, gainontzeko euskal presoekin batera. 

Zergatik musikari?

Bizitzako zatirik handienean musikari izan naiz eta maitasun-gorroto harremana da. Sormenari dagokion arloa maite dut, baina beste batzuk gutxiago. Ulertzen dut, hala ere, beharrezko direla. Nahiko ona naiz musika eta kantuak egiten; ingurukoei beti esaten diet azken diskoa dela, baina beste bat egiten dut… eta ja 22 urte dira. 

Musikan, zein miresten duzu?

Mike Patton, Dimebag Darrell, 60ko eta 70eko hamarkadetako Tom Jones, Hans Zimmer…

Gidatzeko, ze musika nahiago?

Rocka, metala, popa, elektronikoa… Alabarekin, berriz, Pirritx eta Porrotx, hark agintzen du.

Musikari ez bazina…

Aktore izatea gustatuko litzaidake, baina ez nuke balioko, sekula ez dut jakin emozioak ezkutatzen. Eta musikari izan aurretik, futbolean jokatzen nuen. UDArekin jokatu nuen, baina gero, musikak irentsi egin ninduen.  

J. Sangek zer maite du bereziki?

Ohetik jaiki eta oheratu arte, nire bikotekidea eta alaba.

Iratxoek hiru desio eskainiz gero…Niretzat eta ondokoentzat zoriontasunez betetako bizitza; beste bi desioak nahi kolektibo, politikoetara… bideratuko nituzke. 

Bizimoduan ezinbestekoa da…

Sekula ere ez amore ematea.

Damu zara…

Ia egunero damutzen naiz zerbaitengatik. Gauza txikiak batzuetan, handiak beste batzuetan…

Zer errepikatuko zenuke?

Balira (Indonesia) bikotekidearekin egin nuen bidaia. Askotan dut gogoan agobiatuta nagoenean.

Zerk beldurtzen zaitu?

Etorkizunak. Egoera kontrolpean izatea gustatzen zait, baina orain datorrena oso beldurgarria da, ez dagoelako norberaren esku. 

Etxera iritsi, sofan eseri eta…

Gauera arte ez naiz eseri ere egiten. Ahal dudanean, filmak ikusi eta alabarekin jolastea izugarri gustatzen zait.  

Nora egingo zenuke ospa?

Lehen esandako lekura: Balira.

Ze esaldi konpartituko zenuke?

Guztiok gara jeinuak. Baina arraina arbolak eskalatzearren epaitzen baduzu, mozolo hutsa dela pentsatuz bizi izango da beti (Albert Einstein). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak