Polmetasak 2008an utzi zuen lantegia, eta San Andres Berri SL etxegintza enpresari saldu zion lursaila. Krisiak baina, hondoa jotzera eraman zuen San Andres Berri; eta orain eremuaren jabetza epaitegi batek erabakiko du, etxegintza enpresaren likidazioa amaitutakoan.
Lursailaren jabetza epaitegietan izan den denboran, kalte handiak jasan ditu lantegi zaharrak. Egoera ikusita, Udalak aurri izendapena eman zion pasa den urtarrilaren 27an Polmetasa zaharrari; eta "herritarrentzako arriskua" argudiatuta, eraiste lanak hasteko agindua eman zuen.
Amiantoa kendu
Lan hauek bi esparrutan egingo dira. Alde batetik, Amianto y Gestión enpresak, lantegia zegoen lekuan aurkitzen diren uralita piezak kenduko ditu. Teilatu zati hauek amiantoa daukate, eta horregatik pieza guztiak banaka batu eta kudeatuko dira.
Excavaciones Besaide enpresak bestalde, eraiste lanak egingo ditu. Pasa den astean sei kamioikada zabor atera zituen enpresa honek Polmetasa zaharretik, eta lan hauek bukatuta, eraikinak botatzen hasiko dira orain. Lan hauek 18.000 euroko aurrekontua izango dute.