Arrasateko Zalduspe-Osinaga zubian urte amaieran hasiko dira lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 28a, 08:30

Zalduspe-Osinaga oinezkoendako pasabidea egoera kaskarrean dago.
Nafarroa etorbidea Zigarrolako industrialdearekin lotzen duen Zalduspe-Osinaga pasabidea konpontzeko lanak urte amaieran hasiko direla jakinarazi du Udalak. Zubia nahiko berria da –ez ditu 15 urte baino gehiago– baina hainbat arazo eman izan ditu azken urteetan.

2012ko apirilean, esaterako, pasabidea itxi egin behar izan zuten, zubiaren egituran hainbat lagin hartu behar zituztelako. Egitura azkarregi ari da herdoiltzen eta hori aztertu du Udalak. Oso hezea da gunea eta eguzkiak ez du jotzen apenas; horrek eragin zuzena izan du zubiaren hondatzean.
Lanen aurrekontua da 146.643 eurokoa eta esleipen prozesua uztail inguruan irekiko da. Enpresa arduradunak bi hilabete izango ditu lanekin amaitzeko.  

Proiektua idatzita dago

Proiektua Injelan S.L. enpresak idatzi du eta Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako batzordeak honako zuzenketak egin zizkion: ez da aproposa ikusten labainkortasun arazoak ekiditeko berokuntza sistema elektrikoa instalatzea gastu ekonomikoengatik eta zubiaren zorua egurra ez izatea gura dute, labainkortasun arazo horiek saihesteko.

Obra hasi aurretik, baina, honako aldagaiak zehaztu behar dituzte, besteak beste: metalezko egituran errefortzu puntualak ala orokorrak egin behar diren zehaztea, oxido geruza ezabatu behar den zehaztea –corten motako altzairuaren bereizgarri den geruza sortu aurretik ala metalezko egitura babestuko duen margo bat aplikatu aurretik– eta ondoren egin beharrekoak definitzea, izotza gutxituko duen elementuren bat jartzeko aukera aztertzea –neguan gatza edota urea erabiltzea ekiditeko–, pasabidea nola argiztatu aztertzea, zoru eta argiteria berriaren ondorioz zubiko barandak berritu edo aldatu behar diren proposatzea eta pasabidera heltzeko espaloiak konpontzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak