Filma zapatu, domeka eta astelehenean ikus ahal izango da Amaia antzokian. Zapatuan, 19:30ean eta 22:00etan; domekan, 19:30ean, eta astelehenean, 20:30ean. Zapatuan eta domekan, 17:00etan irekiko dituzte takilak eta, astelehenean, 18:30ean.
Egubakoitz eguerdian Arrasateko Udaletik aditzera eman zuten hainbat zurrumurru zabaldu direla herrian. "Batzuek esan digute entzun dutela sarrera guztiak agortu direla, Internetetik erosita, eta ez dira jarri salgai Interneten", zioen Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko kultura teknikaria.
Arrasaten grabatu, eta estreinatu eta astebetera Debagoienean lehen aldiz ikus ahal izango da 8 apellidos vascos entzutetsu eta arrakastatsua. Filmak errekor guztiak gainditu zituen joan zen asteko estreinaldiarekin eta gure eskualdean ere ikusmin handia sortu du.
Karra Elejalde, Clara Lago eta Dani Rovira dira filmeko protagonista nagusiak. Emilio Martinez-Lazarok zuzendu du eta Borja Cobeaga da gidoiaren egilea.