Ekintzaileentzako EKITEN lehiaketaren beste edizio bat aurkeztu du MUk

Miren Mujika 2014ko mar. 20a, 14:43

140 ikaslek hartu dute parte gaur lehiaketaren aurkezpenean.
Guztira 140 ikaslek hartu dute parte gaur lehiaketaren aurkezpenean. Bertan, MUko errektoreorde Jon Altunak Ekiten programaren oinarriak xehatu ditu, Debagoieneko eta Debabarreneko landa-garapeneko agentzietako ordezkariekin batera.

Lehiaketaren edizio berri honek landa-ingurunea garatzeko ideiak sortzea du helburu. Hori dela eta, MUko Goi Eskola Politeknikoko antolakuntza-arloko  irakasle-talde batek dinamika bat garatu du topaketan, arlo horri loturiko lehiaketarako ideiak sortzeko. Gero, ikasleek ideia horiek sakondu eta lehiaketan aurkeztuko dituzte.

Kategoriak eta sariak

8. edizio honetan bi kategoria izango dira: Enpresa Ideia Berriak eta Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak. Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500 euro talde bakoitzeko.

Lehiaketa urtez urte indarra hartzen joan da, eta ikasleen artean enpresa-ideia berriak eta espiritu ekintzailea sustatzea du helburu, baita diziplinarteko taldeen arteko lana bultzatzea ere. Proiektu bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak sarituko dira. Joan den urtean, guztira ,165 ikaslek 57 proiektu aurkeztu zituzten.

Aurkeztuko diren proiektuak ebaluatzeko irizpideak honako hauek izango dira: ideia horrek aberastasuna eta enplegua sortzeko izango duen inpaktua, proposamenaren bideragarritasuna, lantaldearen diziplinartekotasuna eta ideiaren originaltasuna eta izaera berritzailea.

Ikasleek bakarka edo gehienez lauko taldeetan parte hartu ahal izango dute, eta enpresa-jarduera berri baten inguruko ideia bat aurkeztu beharko dute. Parte-hartzaileak MUko edozein titulutako ikasleak, graduondoko ikasleak eta doktoretza egiten ari direnak izan daitezke.

Enpresa Ideia Berrien lehiaketaren kasuan, aurkeztuko diren ideiak edozein diziplina akademikotakoak edo sektoretakoak izan daitezke, eta jarduera, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien eta negozio eredu berrien inguruko ekimenak garatu ahal izango dituzte.

Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen kategorian, aldiz, landa-

inguruneak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea bilatzen dute antolatzaileek, baita abeltzaintzako eta nekazaritzako sektoreekin lotura zuzena duten jarduerek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea ere. Horien barruan sartzen dira landa-inguruneko herrien garapena sustatuko duten produktu eta zerbitzuen ekoizpena helburu duten enpresa-proiektuak.

Lehiaketaren faseak

  • Lehenengoan, proiektua laburtuta aurkeztu beharko dute ikasleek, formulario bat beteta, maiatzaren 19a baino lehen.
  • Ondoren, bigarren fasera pasatzen direnek beren proiektuak sakonduko dituzte.  Erabat landutako proiektua aurkezteko eguna 2014ko ekainaren 6a izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak