Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasleak robotikako Europako txapelketara

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 20a, 14:26

Hilaren 29an egingo da First Tech Challenge (FTC) Robotikako Europako lehiaketako finala Holandan, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako zentroa da bertan parte hartuko duen EAEko Lanbide Heziketako ikastetxe bakarra; Robotek du izena Arrasateko taldeak eta iaz txapelketa irabazi zuen.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako 11 ikaslek osatzen dute Robotek taldea, lau tutorerekin batera. Taldean honako titulu hauetako heziketa zikloetako ikasleak daude: fabrikazio mekanikoko diseinua, robotika eta automatizazio industriala, eta sistema elektrotekniko eta automatizatuak. Arrasateko taldea Espainia, Alemania, Holanda, Ingalaterra, Errusia eta Errumaniako 40 talderekin lehiatuko da. Europako finala martxoaren 29an egingo da Eindhoven-en (Holandan).

Parte-hartzaileak goizeko aurkezpen ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Heziketa eta Ikaskuntza zuzendari Ramon Martinez de Murgiarekin eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusi Bixente Atxarekin.

Iaz txapeldun

Robotek taldea da egungo txapelduna, aurreko urtean Europako txapelketa irabazi baitzuen; gainera, robot-diseinurik onenaren saria jaso zuen. Horri esker, Amerikako Estatu Batuetan egin zen munduko finalean parte hartu zuen. Aurten ere, lehenengo bi taldeak –azken fasean beste talde batekin bat egin behar dute– Saint Louiseko (Misuri, AEB) finalerako sailkatuko dira. Hori apirilaren 23tik 26ra bitartean egingo da.

Parte-hartzaileen egitekoa

First Lego League (FLL) txapelketa ezagunaren goi kategoria da First Tech Challenge (FTC). Robotikako nazioarteko lehiaketa hori 18 eta 23 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta 50 herrialdek eta 2.300 taldek baino gehiagok hartzen dute parte. Parte-hartzaileek robot bat diseinatu, fabrikatu, muntatu eta programatu behar dute, era autonomoan nahiz telegidatuan lan egiteko gai dena, urtero finkatzen diren joko-arauak oinarritzat hartuta. Besteak beste, honako balio hauek sustatzea da txapelketaren helburua: ekimena, sormena, laguntasuna...

Robotarekin, erakustaldia egiten.

Babesleak

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren taldea honako hauek babesten dute: Danobat Group, Mondragon Assembly, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Taldeak; eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako lehendakariordetzaren lankidetza ere izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak