Sozialistek oharrean diotenez, "tabernak ez du irekiera lizentziarik eta publikoari irekita dago, Udalaren beraren baimenarekin". Aritz Arrietak Arrasateko sozialisten izenean, "lokalak Bilduren udaletxearen aldetik duen faborezko tratuagatik" galdetzen du eta "ulertezina dela" dio.
Aurrekaria ere badago Arrietaren arabera: "EAE-ANVk Mondra Futbol Taldeko taberna itxiarazi zuen ordenantzak betetzen ez zituelako. Eta Lagunilla ohia presoen aldeko eta bestelako taldeek erabiltzen dute, lizentziarik gabe".
Bestalde, "gainerako herritarrei eskatzen zaien moduan udal irekiera lizentzia eskuratzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen aurreikuspen eta baldintzak bete beharko lituzke". Sozialistek gaineratzen dute, "tabernak konpetentzia desleiala egiten diela inguruko beste tabernei. Eta hala salatu zen Arrasateko Udaleko Hirigintza Batzordean".
Arrietak "irregulartasun baimendu horri urgentziazko konponbidea ematea" eskatu du oharrean, eta era berean, Udalari eskatu dio ez dezala lokalaren irekiera baimendu baldintza guztiak bete eta negozioaren martxan ipintzea onartu artean.