Ocho apellidos vascos filma datorren astean –martxoak 22, 23 eta 24– Arrasateko Amaia antzokian ikusteko aukera egongo da.
Grabazioa, harrotasuna
Filma grabatzea Al-Andalus elkartearentzat harrotasun arrazoia izan dela dio Rafa Gomez elkarteko orduko presidenteak: "Donostia aldean hasi ziren toki bat bilatzen, baina azkenean gurea aukeratu zuten.
Errodajearekin zerikusia zuten lagun batzuk etorri ziren aurrena; Emilio Martínez-Lazaro zuzendaria gero, eta tokiaren egokitasuna berretsi zuen". Tokiak Andaluzia gogora ekarri arren, berriz dekoratu behar izan zuten Sevillako taberna baten itxura emateko. "Oholtza ere dekoratu zuten. Trianako zubia agertzen da. Errodajea amaituta utz zezatela eskatu eta bertan daukagu".
Zumaian, manifestazioan
Maiatzean egin zen casting-a elkartean, eta uztailean egin zituzten grabaketak. Baina castingean parte hartu zutenetariko hainbatek, gainera, beste toki batzuetan ere grabatu zuten.
Ibai Zangitu aretxabaletarra eta Arrasaten bizi den Ibai Trebiño gasteiztarra dira horren adibide. Biek Zumaian, manifestazio batetan grabatu zuten. "Luze joan zen baina gustura egon nintzen; filmak nola grabatzen diren jakiteko joan nintzen", dio Zangituk. Trebiñok ez zuen parte hartzeko ideiarik eta azken unean animatu zela dio, eta esperientzia errepikatzeko aukera izango balu animatuko litzatekeela gaineratu du.