Dastatzea gidatzen AEK-ko langileak arituko dira. Lehiaketak "oso erantzun positiboa" izan duela dio Diazek: "Elkarte gastronomikoen jarrera txalotzeko da, beti daude gertu laguntzeko". Babarrunak 11:00ak aldera ekarriko dituzte, prestatuta.
Epaimahaian Jardunaldi Gastronomikoetan parte hartzen duten bi sukaldari eta bi baserritar egongo dira. Sari banaketa 11:30ak inguruan hasiko da eta saria banatuko du Inazio Azkarragaurizar alkateak. Sariak banatu ostean hasiko da dastatzea. Beraz, hileroko pintxo dastatzearen ordez babarrunak izango dira protagonista bihar.
14 postu zapatuko azokan
Sasoian sasoiko produktuen kontsumoaren aldeko kanpainaren barruan kokatzen du Udalak babarrunen dastatzea: "Neguko azken azoka denez, udazkenean zein neguan asko erabiltzen den eta oso ezaguna den produktua erabili gura izan dugu. Bide batez, hainbat eragileren parte hartzearekin azoka indartu gura dugu: AEK, elkarte gastronomikoak, Udala, Debagoieneko turismo bulegoa eta Landa Garapena...".
Biharko azokan 14 postu elkartuko dira Seber Altube plazan (09:00-14:00), Arrasatekoak, Debagoienekoak zein Euskal Herrikoak. Aipatzekoa da Ane Gorosabel arrasatearrak lehen aldiz hartuko duela parte azoka horretan. Joan den zapatuan emakumeen azokan egon zen lehenengoz eta oso pozik dago herritarrek zein beste baserritarrek izandako erantzunarekin. Gainera, Gorosabelen asmoa da astero Azoka Plazan egotea.