Aurtengo berrikuntzen artean aipatzekoa da, martxoan, ohiko dinamizatzaileekin batera HUHEZIko hiru ikaslek ere jardungo dutela musika aitzakia hartuta gazteekin lanean: Arrasateko Andoni Otxandiano eta Andoni Altuna eta Aitor Agiriano eskoriatzarra. "Irakasle lanetan jarduteko ikasketak egiten ari dira hirurak eta jarduera soziokulturalen inguruko ikasgai bat dutela-eta, txertatu ditugu Musikodromo egitasmoan" kontatu du Lander Juaristik, Txatxilipurdi elkarteko gazte saileko arduradunak.
Baliabideak egokitzen
Musikarekin lotutako azpiegiturak egokitzen eta osatzen doaz pausuz-pausu; guztietan dituzte musika entzuteko aparatuak eta Musakolako gaztetxokoan, berriz, entsegu-lokala ere badute: “11-13 urteko gazteak musika taldeak sortzen hasten direla eta Udalaren entsegu lokalak euren beharrak asetzeko egokienak ez direla aztertuta egokitu genuen ohiko jarduerekin bateragarria den lokala. Hantxe sortu zen RPL taldea eta dagoeneko beste lagun-talde bat ere hasita dago lehenengo pausutxoak ematen ” azaldu du Juaristik.
Erdiguneko gaztegunean, berriz, eszenatokia dute jarrita. “Euren proposamenetatik abiatuta kontzertu didaktikoak, musikariekin solasaldiak eta horrelakoak egin izan ditugu. Horrez gainera, Erdigunekoan irrati bat dugunez, kontzerturen bat dagoenean esatari lanetan jarduten dute gustuko duten musikari edo bestelako pertsonaiak elkarrizketatuaz" azaldu du. Martxorako bi kontzertu dituzte lotuta: Sustrai (Arrasate-Aramaio) eta The Convicts (Arrasate) taldeek joko dute gaztegunean.