Aratusteen aitzakian prestatutako emanaldia 64 lagunek osatu dute, Mikel Markiegi zuzendariarekin batera. Festa giroa ezarri dute Amaia antzokian eta kontzertua bikaina izan da. Musikari batzuk mozorrotuta igo dira taula gainera.
Mikel Markiegi bandako zuzendariaren gidaritzapean Disney etxeko hainbat pelikuletako eta marrazki bizidunetako soinu bandak jo dituzte. Besteak beste, Pakito Txokolatero, Heigh Ho, Police Academy, Loti Ederra, Moment for Morricone, The Pink Panter, eta Jungle Book pelikuletako soinu banda ezagunetako musika. Hasiera oso alaia izan da Pakito Txokolatero abestiarekin, baina besteak ere ez dira atzean gelditu. Zazpi pieza horiek jo ondoren azken abestia heldu da: Samba de Janeiro.
Amaiera brasildarra
Azken kanta hasi aurretik, Markiegi zuzendaria oholtza atzera joan da, eszenatokitik aldenduz eta ikusleak harrituta gelditu dira. Eszenatokira bueltatu denean, King Afrika musikariaz mozorrotuta agertu da. Hau hala, kontzertu amaierari ukitu berezia eman gura izan dio. Ikusleen txaloekin eta barre txikiekin amaitu da kontzertua.