Rock-and-rolla eta heavyak arrakasta Ederra tabernan

Imanol Beloki 2014ko mar. 9a, 15:07

Patxi Luque musikaria Ederra tabernan gitarra jotzen.
Zapatu gauean Patxi Luque musikaria izan zen Ederra tabernan, gitarrarekin duen abilezia erakusten. Abesti rockeroak eta heavyak jo zituen, batzuk gogorrak eta azkarrak eta beste batzuk lasaiak, akustikoak.

Kontzertua Joe Satrianiren The Extremist abestiarekin hasi zuen eta ondoren Kiss, Judas Priest, Iron Maiden, Gary Moore… bezalako taldeen abesti ezagunak jo zituen. Kanta hauez gain, berak konposatutako abestiak ere jo zituen, Sin Palabras eta Love&Hate bezalakoak. Kontzertua entzutera gerturatu zirenak oso gustura egon ziren burua alde batetik bestera mugitzen, eta Luque gitarra-jotzaileari adarrak erakusten ibili ziren asko, heavy keinuak eginez.

Leize Gorria 2013ko Urrezko Zia gitarra lehiaketan bigarren saria irabazi zuen, zilarrezko zia deritzona, eta merezita irabazi zuela erakutsi zuen zapatuko emanaldian.

Inprobisazioa nagusi

Luquek hainbat abesti eraman zituen prestatuta, baina kontzertuko ikusleen eskakizunak zirela eta, beste hainbat kanta ere jo zituen. Hau hala, espontaneoren bat edo beste ere animatu zen taula gainera igotzen. Patxi Luqueren esanetan: "jendea oso pozik gelditu dela uste dut, batez ere abesti kañeroekin, gaurkoan akustikoek ez dute uste bezain arrakasta izan".

Hurrengo lanaren zain

Aste honetan hainbat kantu grabatu ditu Luquek bere talde PoLi-tiCksekin Eibarko Kitarshokak estudioan. Lau kanta dira guztira: Ploitics, Mi sangre, Burdin aho eta My way; eta gogo biziz daude disko laburraren zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak