Mikel Nuño (Besaide): "Elurretan erraketekin ibiltzeak ez du zailtasunik"

Xabier Urzelai 2014ko mar. 7a, 11:29

Mikel Nuño.
Besaideren eskutik Arrasateko zenbait mendizale Candanchu aldean ibili dira asteburuan. Ez dira pistetan eskiatzen ibili, ezta mendiko eskia egiten ere. Elur-erraketak hartu, eta oinez ibili dira; gozatu ona hartu zuten, batez ere domekan.

Elur-erraketekin egiten duzuen lehenengo irteera izan da, eta jendea animatu da.
Bai, pozik geratu gara, 19 lagun animatu ginen eta asteburu-pasa ederra egin dugu. Egia da jendea aratusteetatik ihes egiteko asmoz zebilela [Barre], eta zapatuan eguraldiak lagundu ez bazigun ere, domekan izugarrizko eguna izan genuen; ez zuten iragarpenekin asmatu.

Elur-erraketekin ibiltzeko irteerak ez dira ohikoak...
Ez, Besaidetik mendi irteera asko antolatzen dira, baina oinezkoak gehiago izaten dira udaberrian hasita. Eta elurretako irteerak, berriz, eskiatzeko antolatu izan dira. Aurten, baina, ez da mendiko eskiko irteerarik antolatu; hutsune hori bete nahi genuen.

Mendiko eski irteera asko antolatu izan da azken urteotan, baina hor, antolatzaileek ardura handia hartzen dute euren gain.
Bai, nik uste dut neurri handi baten hori izan dela aurten ez antolatzearen arrazoia. Mendiko eskia [edo zeharkaldikoa] egiteko orduan gauza asko izan behar dira kontuan, eta mendian beti izaten da arriskua. Mendian gora lehenengo, tontorretik jaitsi gero... elur-jausiekin eta halakoekin kontu handia izan behar da, eta zerbait gertatzen bada, antolatzailearena da ardura.

Elur-erraketekin ez dago halako arriskurik?
Kontua da non ibiltzen zaren. Gu, elur-jausi arriskurik ez egoteko, malda txikiko lekuetan ibili ginen. Zapatuan Candanchutik abiatuta hiru orduko buelta bat eman genuen, lasai, eguraldiak ez zuelako laguntzen. Eta domekan, berriz, eguraldi onarekin, Ibon de Estanesera joan ginen. Domekan, gainera, elur-erraketekin ibiltzeko baldintza ederrak izan genituen, elur asko bota zuelako. Guk ez genuen arbarik erabili [elur-jausi baten aurrean laguna bilatzeko gailua], baina egia da neguan mendian segurtasun neurri guztiak datozela ondo.

Aparteko ikastarorik behar da erraketekin ibiltzen ikasteko?
Ez, ez du batere zailtasunik, mendira oinez joatea bezala da, baina mendiko boten azpian erraketak jantzita. Hasieran, arraro samarra egiten da ibiltzea, baina hankak zabalago eramatea, ez da besterik egin behar. Kontua da elur asko dagoen lekuetan oinez joatea oso nekagarria dela, elurretan hondoratu egiten garelako. Erraketei esker, berriz, errazago egiten da aurrera.

Eskiatzea baino merkeagoa da, horrenbestez.
Eskiatzera joaten bagara, material aldetik gauza askoz gehiago behar ditugu: eskiak, botak, larru-azalak... Hemen erraketak baino ez dira behar, eta 70 euroren bueltan txukunak eros daitezke [Besaiden hainbat daude alokagai]. Bastoiak ere lagungarri dira.

Eskiak aldapa behera ematen duen plazera falta zaio...
[Barre] Bai, ez du zerikusirik. Erraketekin gustura ibiltzeko mendian ibiltzea atsegin behar da; izan ere, oinezko irteera bat da, azken batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak