Ane Gorosabel gaztea Arrasateko baserritarren azokara Martxoaren 8an

Irati Goitia 2014ko mar. 6a, 16:05

Baserritar berri bat izango da zapatuan Arrasaten egingo den baserritar eta artisauen azokan: Ane Gorosabel gaztea. Garaionek antolatutako ortu ekologikoen inguruko ikastaro bat amaitu berri du. Berarekin izan gara gaur Bergarako Elkoro baserrian duen baratzean eta gogotsu aurkitu dugu zapaturako.

Garaionek antolatutako Ortugintza Ekintzailea ikastaroa egin berri du Ane Gorosabel gazte arrasatearrak. Ortugintza ekologikora bideratutakoa izan da. Bada, ikastaroak eta uztak eman dituzte lehen fruituak. Izan ere, Gorosabel zapatuan Arrasaten egingo zen emakume baserritar eta artisauen azokan izango da bere baratzeko produktuak saltzen. "Pixka bat urduri nago, baina Martxoaren 8a plazaratzeko egun polita iruditzen zait. Emakume Txokotik jaso dut gonbidapena eta pozik nago", adierazi du. Zapatuan, 09:30etatik aurrera egingo dute azoka, Seber Altubeko plazan.

Gorosabelekin batera beste hiru debagoiendarrek ere egin dute ikastaroa, tartean, Josu Herrero gazte arrasatearrak. Herrerok oraindik ez du azokara salto egingo, baina bere asmoa da Gorosabelekin batera jartzea postua herriko azokan. Biekin izan gara Debagoiena Zuzenean programarako. Erreportaje hori ikusteko aukera izango duzue biharko saioan, 20:00etan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak