Aratusteak: alaitasuna, kolorea eta umorea kalean

Imanol Gallego 2014ko ots. 28a, 09:41

Urtero moduan, mozorroz beteko dira herriko kaleak.
Ohikotasuna alaitasunez mozorrotu eta kaleak poztasunez janzteko garaia iritsi da. Askorentzat mozorroak euren benetako aurpegia ezkutatzeko modua izan arren, beste askorentzat barruan duten alaitasuna kaleratzeko beste aitzakia bat dira.

Azken urteotan indar handia hartu duen eguna zapatua izan da. Bihar eguerdian astronautek pregoia irakurri ostean, festaren eta alaitasunaren txanda iritsiko da. Hasiera ordua zehaztua dagoen arren, amaiera ordua zehaztea zailagoa izango da.

Martitzena, aldiz, etxeko txikiei zuzendutako eguna izango da. Arratsaldean batzuek herriko plazako desfilean parte hartzen duten bitartean, etxeko txikienek Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizunarekin gozatuko dute Amaia antzokian. Zapatuan bezala, martitzen gauean ere dantzaldia egongo da.

Gaztetxeko bazkaria

Aratuste jaietako komisioak aurten bazkaririk antolatuko ez zuela iragarri ostean, gaztetxeak hartu du haren testigua. Festa giroari eutsi guran, herri bazkaria antolatu dute. Bihar, desfilearen, sari banaketaren eta ondoren etorriko den beharrezko poteoaren ostean, 14:30ean AGAKOk antolatutako bazkaria egingo dute Biteri plazako gasolinera ezagunean.

Arrasate Musikal

Jaiegun handia bihar izango den arren, herriko musika akademiak gaur ekingo dio Aratusteak ospatzeari. Arratsaldeko sei eta erdietan kontzertua eskainiko dute Amaia antzokian.

Festak, baina, kalean gozatzen dira; horregatik, herriko antzokiko erosotasuna albo batera utzi eta gero, Arrasate Musikaleko bandak girotuko du zapatu goiza. Lehenbizi, jaietako pregoiaren osteko desfilea girotu dute herriko musikariek. "Musika alaitasuna da, eta Aratusteetan ezin da alaitasunik eta musikarik falta", horrela laburtzen du Edorta Aiastuik Aratusteetan bandak izango duen zeregina. Lehen emanaldi horren ostean, arratsaldeko seietan, desfilearen alaitasuna kutsatzeko, musikariek kalejira egingo dute.

Zapatukoa, baina, ez da Arrasate Musikalek festa hauei egingo dien ekarpen bakarra izango. Tradizioari eutsiz, martxoaren 9an, 12:30ean, Amaia antzokian, Arrasate Musikaleko banda nagusiak Aratusteetako kontzertua eskainiko du.

Zoritxarrez, Aratusteek ez dute horren luze iraungo. Martitzen gauean (20:30) Zerrajeratik irtengo da sardinaren hiletaren segizioa. Ordu erdi geroago, Herriko Plazan sardina erretzeaz bat, Aratusteen alaitasuna gris kolorez jantzi, eta garizuman murgilduko gara guztiok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak