Zorionez, susto batean geratu zen guztia. Hori bai, denbora askoan ahaztuko ez duten sustoa: "Momentu larria izan zen, denborarik ere ez nuen izan beldurtzeko. Bizirik irauteko sena irten zitzaidan: olatua zetorrela ikusi nuenean mastara heldu nintzen eta horrela lortu nuen uretan ez geratzea. Kolpe handia izan zen", adierazi du Mikel Arregik.
Erreskate zerbitzukoak, "oso azkar"
Bestalde, unerik latzena belaontzia bere onera etorri zenean bizi izan zuen Arregik: "Uretara erori zen jendearen artean bi pertsona txaleko barik zeuden, patroia bat eta nire aita bestea. Une batez ez nituen ikusten; hori da gordetzen dudan oroitzapen txarrena. Eskerrak erreskate zerbitzukoak oso azkar ibili zirela...". Arregik jakinarazi duenez, ez da derrigorrezkoa txalekoa eramatea: "Bestela, jarrita eramango zuten".
Urteko lehen lasterketa
Arregirendako ez da lehen aldia belaontzian irteten dena. Lasterketa batzuetan hartu izan du parte, istripua izan zuten egunekoa "zazpigarrena-edo" izango zen. Azken bi hilabeteetan ez zuten lasterketarik izan itsasoa oso zakar zegoelako. Zapatuan ez zirudien horren zakar zegoenik, baina...
Gabi Aymatek jaso zuen gertaera, bideoan. Vimeo-n dago ikusgai.