Ohi baino gazte gutxiago elkartu zen gazte txokoan, 14 urte inguruko 35en bat neska-mutil. Halaxe onartu zuten antolatzaileek ere: "Iaz 100 bat izango ziren, eta aurten ez dakigu zer gertatu den, behar bada Realaren partidua? Hala ere, elkartutakoak gogotsu etorri dira eta giro ederra daukagu".
Irratiaren gaineko kontuak
Irrati tailerra egin zuten gazteek lehenengo, Oihan Vega gonbidatua lagun. Galderak eginez, irratiko sekretuen berri eman zien bergararrak, eta disko jartzaile lanetan izandako gorabeherak ere berbetagai izan zituzten.
Gaztetxoek, baina, dantzarako gogoa zuten, eta behin hitz jarioak bukatuta, makinak piztu, musika martxan jarri eta gorputza astintzeko ordua iritsi zen. "Adin honetan ohikoa den legez neskak dantzan eta mutil gehienak alboan begira", zioen gazte txokoko begiraleak.
Iluntasuna lagun, keak girotuta, moda-modako abestiak tarteko eta Vega DJak esandako aginduei jarraituta neska koadrilak gogotsu jardun zuen dantzan: orain erritmo biziekin, gero elkarri helduta lasai-lasai; orain eskuak goian, gero burua aurrera… Eta bien bitartean mutilak, beste aldean, berriketan eta telefonoari begira.