Egun udaletxeko eraikinean dagoen artxiboa txiki geratu da, espazio falta dago dokumentu guztiak gordetzeko eta, gainera, ez daude denak espazio bakar batean bateratuta. Bada, aurten Markuleteko 18. pabiloia egokituko dute, aspaldian bistakoak ziren behar horiei erantzuteko. Udal artxibo berrian gordeko dira dokumentu gehienak; Udaletxeko eraikinean gordeko dituzte, berriz, azken 15 urteetako dokumentuak eta XX. mende aurreko dokumentazio guztia.
Pabiloia egokitzeko lanak
Markuleteko 18. pabiloian lehendabizi egingo direnak izango dira espazioa instalazio aldetik egokitzeko lanak. Izan ere, une honetan pabiloia guztiz hutsik dago eta artxibo erabilerarako egokituko da: batetik, igeltserotza lanak burutuko dira eta zenbait instalazio egingo dira; elektrizitatearena eta argiarena, suteen aurkakoa eta girotze-instalazioa; azken instalazio hori da dokumentuak baldintza egokietan gordetzeko. Bestetik, egokitze lanotan espazioa bera ere moldatuko da artxiboaren beharretara. Orain pabiloian ez dago inolako espazio banaketarik eta gerora, obra egindakoan, bi espaziotan egongo da banatuta: Udaleko artxiboko langileen zereginetarako gunea eta dokumentuen biltegia bera.
Ekain hasieran hasteko asmoa
Pabiloiak berak 280 metro karratuko azalera dauka; dokumentuen biltegiak 218 metro karratu izango ditu azaleran eta 7,90 metroko altuera. Egokitzapen lanok ekaina hasieran hastea aurreikusten da eta lau hilabeteko iraupena izango dute. Artxiboko obren lehen fase hori amaitu bezain pronto bigarren faseaz hastea da asmoa, hau da, biltegian apalak jartzen hastea.
276.500 euroko aurrekontua
Atzoko Tokiko Gobernu batzarrean onartu ziren egokitzapen obra kontratatzeko pleguak eta GAOn argitaratzen diren momentutik interesa duten enpresek aurkeztu ahalko dituzte euren eskaintzak. Egokitzapen obraren proiektuko aurrekontua da 276.500 eurokoa (BEZ barne). Gaur egungo artxiboak 1000 metro lineal inguru dokumentu dauzka eta, gutxi gorabehera, urtean 70 metro lineal hazten da.