Proposamen berritzailea da Markeliñe taldeak Kapsulak ikuskizunarekin egiten duena. Gaur arratsaldean Arrasateko Amaia antzokian izandira, eta kartoizko kutxa artean istorio politak kontatu dituzte narrazio eta abesti artean. Ikuskizuna baino kontzertu-ikuskizuna da Markeliñekoek egiten dutena. Aintzane Crujeiras abeslariak bere lagun Txikiri gertatzen zaizkionak kontatu eta abesten ditu. Esnatzen denetik iluntzera arte Txikik bizi dituen gorabeherak.
Kartoizko kutxetan edo kapsuletan gordetzen ditu Txikik bizipen horiek guztiak. G letra daukate idatzita gustuko oroitzapenak edo bizipenak gordetzen dituzten kapsuletan. E letra, aldiz, ez gustukoak gordetzen dituztenak. Crujeiras kapsula ezberdinak zabaltzen joan da, eta ikusle gazteek ondo asko ezagutu dituzte pasarte guztiak.
Ze gogorra esnatzea!, Ze goxoa gosaria!, Ze astuna eskolara joan beharra izatea!, Ze zoragarria jolas-orduko tartea!, Ze zirraragarria maiteminduta egotea!, Ze nekezak eskolaz kanpoko jarduerak!... Edozein umek egunerokoan bizitzen eta sentitzen dituzten esperientzien galeria eskaintzen dute Markeliñekoek Kapsulak lanean. Eta pasarte bakoitzak bere kantua du ikuskizunean. Rock eta folk doinuekin ematen diete forma bizipen horiei.
Harrera ona
Ikuskizunaren amaieran aurkeztu dute Txiki Markeliñekoek. Kapsula ezberdin askorekin osaturiko panpinatxoa da, ikuskizun amaieran haur gehienek gertutik ikusi eta ukitu nahi duten pertsonaia.
Saio amaieran jaso ohi dute artistek publikoaren balorazioa, eta Arrasaten gauzak ondo joan direla esan beharra dago. Oholtza gainean izan da gainera, Jon Zabaleta baxu-jole arrasatearra. Esan du oso garrantzitsua dela berarendako Arrasaten eta arrasatearrendako jotzea.
Amaieran, umeek artistekin eta Txikirekin egon nahi izan dute, eta horretarako aukera zabala izan dute.