Pozik agertu dira antolatzaileak, umeak espero zituztelako, eta umeak ez ezik helduak ere bertaratu direlako. Jendea, orokorrean, pozik geratu dela azaldu dute, gainera: "Jende dezente etorri da eta uste dugu aurkitu dutela bilatzen zutena. Mozorro jantzia ekartzera etorritako bat baino gehiago euren artean ere konpondu dira, gainera".
Ileordeko asko eraman dituzte herritarrek, mozorro jantziak osorik, osagai ugari... Indio eta bakeroen mozorroek hegan egin dute; eta dortoka oskola batek, berriz, hantxe jarraitzen zuen 13:00etan, eskuz esku ibili den arren.
Baserritarren azoka egunarekin bat eginez, hirugarren zapatuan egiten dute Elkartruke azoka, eta Aratusteen atarian, horixe izan da gaurko gaia ere. Haizete arriskua zela-eta, baserritarrak eurak ere Azoka Plazan egon dira, gainera, Seber Altuben beharrean, eta horrek mesede egin dio Elkartruke azokari, antolatzaileek kontatu digutenez.