Arrasateko Karitateko Mesedetako Ahizpen komunitateak ibilgailuak aparkatzen utzi izan du duela gutxi arte Jose Luis Iñarra pasealekua 34an dagoen Kongregazioaren jabetzako eraikineko partzela pribatuan. Hala ere, behartuta ikusi dira erabilera hori debekatzeko, ibilgailuak ordenarik gabe aparkatu eta horrek sortutako arazoen ondorioz, komunitatearen egoitzara sartzeko bidea oztopatzen baitzuten. Mesedetako Ahizpak gertu daude gune hori aparkaleku publiko moduan erabili dadin, betiere Udalak hartzen badu aparkaleku hori kudeatu eta erregulatzeko ardura, horrek guztiak komunitateari arazorik sortu ez diezaion.
Akordio positiboa bi aldeendako
Gaur goizean sinatu dute akordioa La Merced ikastetxe zaharrean. Inazio Azkarragaurizar alkateak balorazio positiboa egin du: "Hitzarmen honekin bi aldeak irteten gara irabazten. Alde batetik, aparkamendua erabilpen publikorako bihurtzea eta inguruan dauden aparkamendu arazoei irtenbide bat ematea lortzen delako eta, bestetik, aparkamenduaren mantenu egokia ziurtatzen delako".
Aurrekariei ere egin die erreferentzia alkateak, hitzarmena "beharrezkoa" zela esanez: "Hitzarmen honen beharra agerian uzten du orain gutxi egindako erabilera txarragatik aparkalekuan sortutako gorabeherek. Aurrerantzean pentsatzen dugu horrelako arazorik ez dela gehiago sortuko".
Makatzenako zaharberritze lanak
Makatzena zaharberritzeko obrak direla-eta, pilotaleku inguruan 46 aparkaleku galdu dira. Bada, hitzarmenari esker 79 irabaziko direla esan du Azkarragaurizarrek. Udalerrian aparkaleku publikorako dagoen edozein espaziotan erabiltzen den araudia beteko du Udalak aparkaleku berrien eremuan.
Bestalde, Mesedetako Ahizpen kongregazioaren probintziako ama nagusi Aurea Maria Herrero ere "pozik" agertu da: "Hitz eginez akordio batera heldu gara, hori da onena". Baimenak bi urteko iraupena izango du eta urtebetez luzatu ahalko da. Hitzarmena amaitutakoan Udalak oraingo egoeran utziko du eremua. Goiko eremurako bakarrik balio du akordioak; behekoa oraindik libre geratzea gura dute Mesedetako Ahizpek.