MUk "oso lehiakorra" den Azpeitiko taldea hartuko du bihar Iturripen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 14a, 10:36

Markel Balantzategi baloiarekin; bihar ez du jokatuko.
Mondragon Unibertsitateak Azpeitiaren aurka jokatuko du bihar Iturripen (18:00). Sailkapenari begiratu ezkero eta etxean jokatzen dutela jakinda, arrasatearrek ez lukete arazo handirik izan beharko partidua irabazteko: MU bigarrena da sailkapenean eta talde azpeitiarra, berriz, zazpigarrena.

Joan den zapatuan galdu egin zuen Josu Larreategiren taldeak eta azken jardunaldiko hutsegitea konpontzeko "lehenbailehen" irabaztea izango da onena. Gainera, talde arriskutsua etorriko da Iturripera: "Azpeitiko taldearen kontrako partiduak oso parekatuak izan ohi dira, bi taldetako jokalariak oso motibatuta egoten dira", esan du entrenatzaileak.

Azpeitiarrak, "lehiakorrak"

Horrek ez du esan nahi bi taldeen arteko harremana txarra denik, baina, Larreategiren arabera, kantxan beti egoten da "lehiakortasun handia". Talde azpeitiarra "oso indartsua" da, Eskoriatzako entrenatzaileak dioenez: "Oso gogorrak dira eta eskarmentu handiko jokalariak dituzte. Hori bai, beste denboraldi batzuekin alderatu ezkero, arazo gehiago izan dituzte aurten. Hala ere, oso lehiakorrak izaten dira beti".
Azpeitiko taldea aurkari arriskutsua da, beraz: "Garaipena lortzeko ondo izerditu beharko dugu, ez da erraza izango", dio Larreategik. Bestalde, azken jardunaldia galdu arren, ondo helduko da MU biharko norgehiagokara: "Markel Balantzategik ezingo du jokatu kanpora doalako, baina beste jokalari guztiak gurekin egongo dira. Beraz, ez dago aitzakiarik: gure esku dago".    

Iturripeko itoginak

Bestalde, euria egiten duenean itoginak direla-eta, Iturripeko kantxaren egoera arriskutsua bertan entrenatzen eta jokatzen duten klubetako ordezkarien ahotan egon da azken asteotan. MUko jokalariek badakite zer den kantxa labainkor dagoenean jokatzea; partidu bat ia bertan behera geratu zen jokalariek mina hartzeko zegoen arriskuagatik. Bada, aste bukaera honetarako arazorik ez dela egongo espero du Larreategik: "Euria egiten badu itoginen bat egongo da, baina espero dugu lehia hasi aurretik konponduko dugula eta ez dela arazorik egongo jokatzeko".
Izan ere, bertan behera geratzear egon zen jardunaldiaren aurretik euria barra-barra egin zuen; eguraldi iragarpenen arabera zapatura bitartean euria egin dezake, baina ez du larregi egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak