"Behar-beharrezko" konponketa lanak egiten dabiltza Gesalibarko Santa Ageda elizan

Imanol Gallego 2014ko ots. 13a, 16:21

Aldamiozko soinekoa jantzi diote Gesalibar auzoko elizari, konponketa lanak egiteko ezinbesteko trajea. Aramaiora bidean dagoen Arrasateko auzoak eliza dotorea dauka errepide ertzean, harrera egiteko gertu, auzora datozen kanpotarrei; baina urteotako euri jasek, haizeteek eta tenperatura aldaketek apurketak eragin dizkiote han eta hemen. Horiek konpontzen dabiltza orain.

Urtarrilean hasi zituzten lanok, Gabon jaiak bukatu eta berehala. Eta ondo bidean, hiru bat hilabetean bukatuta izango dituzte. Teilatua berritzen dabiltza: "Teilak aldatuko dira, baina egitura ia ez dute ukituko, bi egur handi bakarrik aldatuko dituzte", jakinarazi du Horacio Argaratek, Arrasateko parrokoak. Eta aurrealdeko aterpea bota egin dute berria egiteko. Azken horrek zuen premiarik handiena, hainbat pusketa jausita zituelako; hori horrela, itxi beharrean izan ziren azken asteetan inor ez pasatzeko bertatik. Aterpe hori, gainera, askoren babesleku izan ohi da: elizara datozen auzotarrena, autobusaren zain egoten diren bisitariena eta denbora-pasa erretzen egoten direnena. Eta disgusturik izan aurretik ekin diote konpontzeari. Bertatik kendutako zutabeak gorde egin dituzte berriro jartzeko: "Urte asko dituzte eta halakoak gordetzea komeni da".

Kanpotik egingo dizkioten eraberritze lanekin batera barruan ere egingo dute konponketa txiki bat. Aldarera igotzeko zegoen egurrezko eskailera kendu egin dute, pipiak guztiz janda zegoelako: "Hileta batean, eskailerak igotzen hasi eta barruraino, belauneraino, sartu nuen hanka", argitu du Argaratek. Izan ere, ura eta hezetasuna ez dira egurraren lagun; bai, ostera, termitena, eta elizaren azpialdea urez inguratuta dago. Hori horrela, harrizko eskailera jarriko dute orain, hareharriz egindakoa.

Behin adostutako eraberritze lanok eginda, zergatik ez margotu hezetasun arrastoak dituzten barruko hormak? "Eta gero argiztapena aldatu eta hau eta hori… Konponketa batek beste bat ekarriko luke eta ez dagoenean ez dago. Oraingoz, ezinbestekoa eginda konformatu beharko dugu", dio. 180.000 euroko aurrekontua dute lanok eta Arrasateko parrokiek egingo diote aurre gastuari, hasiera batean: "Auzoari ere eskatuko diogu gero, poliki-poliki, ahal duen heinean, eta interesik gabe dirua bueltatzeko, eta eskaeraren bat ere egingo dugu".

Balio historikoa eta artistikoa

XIII. menderako ba omen zegoen elizatxo bat Gesalibarren, data hori jarri diete, behintzat, aurrealdeko arrasto batzuei. Eta egungo eliza XVI. mende erdialdean eraikitakoa da, aurrekoaren aztarnen gainean. Hainbat balio dituen eliza da gainera: "Kanpotik begiratuta ermita handi bat ematen du, baina barruan baditu bere balioak eta hainbat alditan izan da ikertua", dio Argarate parrokoak.

Balio historikoa dauka, batetik, eta orain arkeologoaren zain daude kendu duten egurrezko eskailera azpia azter dezan: "Aztarna batzuk topatu izan dira, eta arkeologoa etorriko da begiratutxo bat emateko eta haren oniritzia jasotzeko barruko obra taxuz egiteko". Baina garrantzitsuagoak dira balio artistikoak: "Erretaula dago, batetik, ikertua izan da eta doktore tesia ere egin dute horrekin. Hortaz, bere apaltasunean, badu balioa; eta bestetik, sabaiko nerbadura dago, artistikoki berezia".

Eliza apala, baina balioduna

Balio artistikodun eliza da Gesalibarkoa. Santa Agedari eskainitako erretaula apal baina dotorea dauka aldare gainean. Auzoko zaindaria erretaularen erdi-erdian dago eta haren bi alboetan beste bi emakumezko martiri: Santa Katalina eta Santa Maria Madalena (zalantzan). Goiko partean eta azpian, ostera, santuaren bizitzako pasarte batzuk daude irudikatuta. Otxandioko Andres Garzia de Urigoitia eskultoreak egindakoa da, eta Ana Isabel Ugalde historialari arrasatearrak aztertu eta ikerketa lanean jasotakoa.

Eta XIV-XV. mendeko nerbadura dotorea du sabaian, irudi bitxiak dituela zizelkatuta.

Aztarnak ere aurkitu izan dira eliza azpian, "harri luze batzuk", dio Argaratek, mende askotan bizi izan direla auzotarrak frogatzen ei dute. "Auzoan dauden iturriekin zerikusia ei dute aztarnek, buztingintzarekin edo…". Aldundiko adituek aztertuta daukate kontua, eta orain ere etorriko da arkeologo bat begiratzera.

Hurrengoa, Bedoñako eliza

Bedoña auzoko Santa Eulalia eliza konponduko dute hurrengo, Gesalibarko lanak bukatu orduko: "Era ederrean konpondu zela ez dira urte asko pasatu, polit askoa jarrita dago, baina, haizete lekuan dagoenez, teilak hondar bihurtuta daude, desegin egiten dira. Gainera, horma batetik eta kanpandorretik ur asko sartzen da", dio Argaratek. Bi obretarako materiala batera erosi dute, teilak, esaterako, gastua murriztu aldera.

Eta bi horiek egindakoan bukatuko dituzte elizei dagozkien obra guztiak. Beste batzuek ere izango dituzte premiak, baina, oraingoz, itxaron egin beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak