Bilaketa baten etenik gabeko bide luzea izan da Audience-ena; bilaketa musikala eta istorio bilaketa da eurena. Rock, blues eta americana-n leporaino beti, estilo gailurra 2010ean jo zuten Amerikanuak dokumental eder eta hunkigarriarekin. Iazko urte amaieran kaleratu zuten Big Affair lana. Tontor berria da, nahiz eta sonikoki boskoteak etxea aspaldi egin zuen ipar-amerikar lautada idor eta latzetan. Lan handia da Big Affair ("Kontu handia"), izenak berak dioen bezala, galazko ekoizpena duena eta taldeak are sakonago heltzen die betiko zuztar, soinu eta anbienteei.