"Show bat. Horrela definituko nuke El intérprete lana. Ez zait gauzak sailkatzea gustatzen, eta beraz ez nuke musikal bat denik esango. Kontzertu baten antza eduki dezake, baina ez da kontzertu bat; bakarrizketa bat izan liteke, baina ez da horrela; eguneroko bat izan daiteke, nire bizitzaz egiten dudalako berba... Horregatik diot, show bat dela". Hala eman du aditzera Asier Etxeandia aktore bizkaitarrak.
Eszenaratze indartsua dauka El intérprete lanak, eta martxoaren 29an Arrasateko Amaia antzokian ikusi ahal izango da, 19:30ean hasita. Sarrera gehienak saldu diren arren, oraindik ere erosteko aukera dago. Horretarako bideak, antzokia irekita dagoenean bertako leihatila, zein Arrasateko Udalaren webgunea dira; 15 euro ordaindu beharko dira aurrenekoaren bidez eta internet bidez eskuratuta, ostera deskontua dute sarrerek, eta 13,65 euro ordaindu behar dira.
Ikuskizun arrakastatsua
2013an estreinatu zenetik arrakasta erdietsi du ikuskizunak eta Etxeandiak oso pozik dagoela eman du aditzera: "Aurrekoan irakurri nuen Gasteizen sarrerak salgai ipini eta ordubetean saldu zirela guztiak. Publikoarengana iritsi garela esango genuke".
Horrelako oihartzuna izateko El intérprete-k zein osagai duen galdetuta, hori obra ikustera bertaratzean jakiten dela dio bizkaitarra. "Oso formula erraza erabiltzen duen lana da, biluztasuna, egia eta musika kalitate handia. Dena nahasten da El Intérprete lanean, eta orain arte egin dudan gauzarik zintzoena da, zalantza barik". Izan ere, Asier Etxeandiak obra honetan gustuko dituen esparru guztiak uztartzen ditu: aktorea gisa dihardu, baina musikarekiko bere pasioa ere nabari-nabaria da, dantza egite du, performancea....
Askatasunari deiadar
Krisi garaian jendeak norbere buruan konfiantza galtzen duela dio Etxeandiak: "Gauzak aldatzeko dugun ahalmen horretan galtzen dugu konfiantza, eta nik uste askatasunari deiadar bat dela lan hau, eta dena posible dela oihu egiten dut bertan".
El intérprete lanean Etxeandiak bere esperientzia pertsonala partekatzen du publikoarekin, artista izateko ametsa izan zuenetik lortu arteko bidea kontatuz. "Ametsak egia bilakatzen dira, eta antzokiak betetzen ari naizela da horren erakusgarri! Uste dut jendearentzako eredu izan daitekeela".