Axpe eta haren entrenatzaile Jonathan Perez gaur irtengo dira hegazkinean eta domeka iluntzera arte ez dira bueltatuko. Perezek uste du Axpek urrezko domina ekarriko duela: "Bere maila erakutsiko duela uste dut. Oso ondo entrenatu du aurten; azken asteetan gaixorik egon da, hori da txarrena. Hala ere, aste honetan ondo entrenatu du; esan diot marka berdin zaidala, irabazi egin behar duela". Axpek erdi gaixorik hartu zuen parte joan den aste bukaeran Donostian jokatutako Euskadiko Kopan. Ez zuen bere maila erakutsi.
Ruiz de Azua makal Donostian
Berdina gertatu zitzaion Malen Ruiz de Azuari; haren hiru jauziak baliogabeak izan ziren: "Pertika-jauzietan gerta daiteke Maleni gertatu zitzaiona. Lehen saiakeran 3,60 metroko langa gainditu zuen baina erortzerakoan listoia jo eta jauzia baliogabetu zioten. Azken bi saiakeretan oso urduri jarri zen", esan du Perezek.
Axpe, urrezko dominaren bila
Maialen Axpe Malagatik urrezko dominarekin etorriko dela espero dute Arrasate Atletiko Taldekoek. Izan ere, Axpe da bere mailan markarik onena duena (3,90 metro): "Lau metroko jauzia egiten badu ziur irabaziko duela. Bere marka onena 4,10 metrokoa da, uda sasoian lortutakoa", uste du haren entrenatzaileak. Espainiakoaz gain, Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute aste bukaera honetan Malen Ruiz de Azuak eta Istar Dapenak.
Perez, sasoian oraindik
Jonathan Perez pertika jauzilariak, 32 urte eta erdirekin, 4,85 metroko saltoa egin zuen joan den asteburuan Donostian. Sasoian dago oraindik; denboraldiko bere markarik onena da eta horrek denboraldi honetako Estatuko hamar onenen artean kokatzen du. Egindako jauziarekin "oso pozik" dago, aitortu duenez: "Aurten lehentasun moduan hartu dut Maialenen eta Marenen lana, baina eurekin entrenatzen dut eta sasoi onean nago. Gainera, fin jarri naiz, zenbait kilo kendu ditut". Neguan ez du udan beste entrenatzen baina oraindik ere onenen artean egoteko gai dela erakutsi du Arrasateko atleta beteranoak.