Emakume Txokoaren eskutik, ikastaroak eta Martxoak 8 iragartzeko kartel lehiaketa

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 3a, 11:13

Emakume Txokoak aurkeztu du otsaila eta maiatza bitarteko egitaraua eta aste honetan zehar eman beharko da izena antolatu dituzten ikastaroetan. Horrez gain, Martxoaren 8a iragartzeko kartel lehiaketa deitu dute eta otsailaren 21a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Pilates-yoga eta zoru pelbikoa indartzeko ariketen ikastaroak antolatu dituzte. Baita Nire burua maite nahi dut –autestimua lantzeko– zein Emakumeok gerure buruak zaintzen izenekoa ere.

Ikastaroetan izena emateko aukera izango dute interesatuek asteon eta bide ezberdinak daude horretarako: Emakume Txokoan bertan, emakumetxokoa@arrasate-mondragon.net helbidean zein 943 794 139 zenbakira deituz.

Bestelako ekintzak ere antolatu dituzte eta maiatza bitartean emakumeen eta komunikabideen gaineko berbaldia egingo da, edo Ovarios verdes fritos antzezlana ikusi ahal izango da, esaterako.

Jabetza Eskola

Bestalde, Jabetza Eskolaren baitan hainbat ekimen egingo dituzte. Amets Beltran de Herediak horietariko bat azpimarratu du: "Ikastaro interesgarri bat Maitasun erromantikoa? deitzen dena da. Bertan, mendeetan egon diren estereotipoak hautsi gura ditugu. Oraindik ere maitasun ideia eta mito ugariz josita dago maitasun kontzeptua". Otsailaren 11n izango da ikastaroa.

Bestalde, Herrigintza Feminismotik deituriko tailerra antolatu dute. "Bertan, norberaren esperientzia abiapuntu izanda genero sistemak herrigintzaren eremuan kolektiboki nola eragiten duen hausnartzeko aukera izango dugu. Eta esperientziak trukatzeko balioko digu". Martxoaren 20an, 27an eta apirilaren 3an izango da tailerra. 

'Feminismotik eragiten!', Martxoak 8 iragartzeko leloa

Hamazortzigarren aldiz antolatu du Emakume Txokoak Martxoak 8 iragartzeko kartel lehiaketa. Feminismotik eragiten! leloa baliatuta, teknika librean egin ahal izango dira kartelak; Martxoak 8 ere agertu beharko da idatzita.Irabazleak 450 euroko saria jasoko du. Lanak otsailaren 21ra arte eta 14:00ak baino lehen eraman edo bidali behako dira Arrasateko BAZera.

"Martxoaren 8a zapatua izango da eta egun osoan zehar zer egin izango dugu: emakume artisau eta baserritarren azoka goizean, Takarraren lasterketa eguerdian, eta manifestazioa arratsaldean. Oraindik zehazteke dugun arren, emakumeak eta rocka uztartuz kontzertua ere egin gura dugu gauean gaztetxean". Hala azaldu dute Emakume Txokoko Amets Beltran de Herediak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak