Morphinapolis disko berria etxean aurkezteko momentua heldu zitzaien J. Sangreri eta bere mutilei, eta Arrasateko gaztetxea festarako dotore jantzi zen. Publiko artean taldearen jarraitzaile gazteak bai, baina eskola zaharrekoak izan ziren protagonista. Sangre, Heloy eta Pako Brutal Melody-tik pasatu zirenetik urteak igaro dira, eta zapatuan orduko eta oraingo jarraitzaileak batu ziren; Governorsek ez zuen hutsik egin.
'Azkaiter Pelox' rockin' band
Azkaiter Pelox bergararra, Pondo arrasatearra eta Gaizka soraluzetarra izan ziren emanaldia hasteko arduradunak.
Gitarra, baxu eta armonikarekin rock and roll, blues, funky zein ska doinuez bete zuten gaztetxea. Inprobisazioa izan zuten saioaren oinarri, eta beti bezala, Azkaiterrek publikoa zirikatuz berotu zuen giroa. Zamburleiker diskoko kantuez gain, bertsioak hainbat bertsio jo zituzten. Besteak beste Stray Cats-en Rock this town, Cream-en Sunshine of your love edo Chuck Berry-ren Johnny B. Goode.
3, 2, 1...su
Eszenaratzea, argiak, soinua, jarrera... kontzertu borobila eskaini zuten Governorsekoek zalantza izpirik gabe. Kantuak bata bestearen atzetik lotuaz ez zuten intentsitatea jaitsi ordu eta erdiz.
Morphinapolis, Harresia, Zuloan, Reset... gogotsu defendatu zituzten disko berriko kantuak. Samplerrak eta gitarra efektuak maisuki erabili zituzten, eta zuzeneko indartsua izan zen. Publikoak hasieratik lagundu zuen taldea, eta kontzertuan zehar, ohiko dituzten su efektuei, iluminazioa eta ke makinak gehitu zizkieten.
Collage diskoko Harrien arteko lo kanta-rekin amaitu zuten emanaldia, eta gaztetxera joandakoak irribarretsu amaitu zuten.