Ramon Ugalde lursail baten jabea da Intxaustiko poligonoan eta han 2012ko urtarrilerako "ia amaituta" zegoen 50 metro koadroko negutegi bat jarri izana da auziaren sorburua.
Ugaldek honakoa adierazi du: "2012ko urtarrilean Arrasaten 100 negutegi inguru zeuden, batzuk tamaina handikoak eta beste batzuk txikiagoak, batzuk nekazaritza lurretan eta beste batzuk lur urbanoetan". Eta zera gaineratu du: "2012ko azarora arte ez zegoen legeztatutako negutegirik udalerrian". Gogora ekarri du 2/2006 legeak "ahalmenak" ematen zizkiela tokiko administrazioei "negutegien instalazioa arautzeko".
Eraisteko "agindua"
Hori abiapuntu hartuta, akusazio partikular gisa aurkeztu den arrasatearrak kontatu du berotegia "eraisteko agindua eman eta espediente zigortzailea" jarri ziola Udalak. Zentzu horretan, jakinarazi du "2012ko udaberrian, udan eta neguan gatazkak jarraitu" egin zuela eta ondoren Udalak "2.400 euro enbargatu zizkiola", eta harik eta negutegia kendu arte espediente berria zabaltzen zen aldiro beste 600 euroko isuna jasoko zuela. Hori horrela, Ugaldek salatu du, batetik, negutegia kentzeko agindua jaso zuela, hura legeztatzeko aukerarik ez ziotela eman eta espediente zigortzailea ireki ziotela. Bestetik, honakoa dio: "Udalaren erantzunak oso ezberdinak izan ziren, herritarrak administrazioaren aurrean eduki behar den berdintasunaren printzipioa errespetatu gabe. Nire informazio zail eta nahasia eman zidaten, beste bati informazio zehatzagoa eta hirugarren bati mota guztietako erraztasunak".
Udalak "zuzen" jokatu du
Bestalde, Udalak adierazi du prozesu horretan "zuzen" jokatu duela, eta salaketan egindako baieztapenak erabat gezurtatzen ditu. Hala ere, Udalak ez du komunikabideetan gai horri buruz eztabaidatzeko asmorik, eta adierazi beharreko guztia epailearen aurrean adierazi dutela azpimarratu dute.