Hala, domekan (12:00, Iturripe) maila horri eutsi nahi diote Arrasatekoek, asko eskatzea ez bada beste emaitza batekin, eta lagun zahar baten aurrean: Santoña. Etxekoek ligako erraldoien artean jarraitzeko –laugarren daude– beharrezkoak dituzte bi puntu horiek. Izan ere, kategoriaz igotzeko asmoz sortutako taldeen artean sartu du muturra Ford Mugarrik, eta lotsagabe jarraitu nahi dute, aurrekontu handia duten taldeen artean egonda.
Entrenatzaile oñatiarra, baina, jakitun da jokalariei ezin diela gehiago eskatu: "Profesionalek moduan dihardute, astean lautan entrenatzen dugu eta aurrealdean gabiltza burrukan. Ikusteko dago amaierara arte hor aurrean borrokan egoteko gai izango garen baina exigentzia mailan inork ez gaitu irabazten. Denoi gustatuko litzaiguke Ford Mugarri aurrean ikustea, baina perspektiba galtzea ere arriskutsua da. Oraingoz, Iturripe jendez beteta ikustea da nahi dudana".
Santoña "berritua"
Adi, baina, domekako kontrarioaz. Duela bi urte igoera fasean ezagutu zuten elkar Arrasatek eta Santoñak, eta orain arte gehiago izan dira zerrajeroak: "Gabonetan Santanderko taldetik hiru fitxaketa on egin dituzte eta Lastras erdilaria ere errekuperatu dute. Partidu borrokatua izango da, seguru".