Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munilla Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoan egon zen atzo. Urterokoa bihurtu den bisitan, "oso gustura" egon zela adierazi zuen. Era berean, gaixoekin izan zuen egonaldiarekin "harrituta" geratu zela aitortu zuen gotzainak. Ordubete inguruko saioa egin zuen haiekin, askotariko galderei erantzuten.
Sufrimendutik egindako galderak erantzuterakoan gaixoak direla bai, baina leloak ez direla argi utzi zuen Munillak. Gero meza eman eta bazkalaurretik hitzaldia eskaini zuen, Aita Santu berriaren azken ebanjelioa oinarri hartuta.
"Pozaren ebanjelioa"
Munillak atzo aurkeztu zuen idatzia azaro amaieran osatutakoa da, non munduaren egoerari buruz aita santuak dituen ikuspuntuak ageri diren. "Pozaren ebanjelioa" moduan da ezaguna 'Evangelii Gaudium' delakoa eta hitzaldian bertan gotzainak esan zuenez, pozik bizitzeko ahalegina egin beharra dago, jarrera kontua delako. Hori islatzeko Afrika eta Europaren arteko konparaketa egin zuen Munillak: Afrikan, nahiz eta baldintza gordinenetan bizi, irribarrez bizi direla esan zuen. Europan, ordea, askoz garatuagoa egon arren, horren serio zergatik bizi den galdegin zuen.
Bestalde, Francisco Aita Santuaren etorrera "Jainkoaren erabakia" eta "albiste ona" dela uste du Munillak, eta aldi berean, Benedicto XVI.aren lana ere goraipatu zuen.