Arrasateko Musakolako kiroldegiko lehorreko instalazioak erreserbatu ahal izateko arauetan eta kobratzeko kopuruetan aldaketak egin ditu Aukeak, eta herritarren artean hainbat kexa eragin dituzte aldaketok: abendua eta urtarrila artean, 14 kexa; horietako bat 178 pertsonak sinatutakoa.
Gauzak horrela, Joxerra Askasibar kirol zinegotziak azalpenak eman gura izan ditu. Esan duenez, abonatuek, libre egonez gero, edozein momentutan erabil ditzakete instalazioak. Aldaketak instalazioak erreserbatu gura dituztenentzat dira. Orain artean, kantxa bat erreserbatuz gero, lehen ordua doan zen, eta bigarren ordutik aurrera, 37 euro ordaindu behar zen orduko. Bestelako instalazioen kasuan ere, esaterako teniseko pisten edo frontoien kasuan, lehenenego ordua doan zen, eta bigarrenetik aurrera 5 euro ordaintzen ziren orduko. Orain, baina, lehenengo ordutik ordaindu behar da: kantxen kasuan, ordu bakoitza bost euro, eta teniseko pista eta frontoien kasuan, euro bakarra.
Kirol zinegotziaren esanetan, aldaketak hausnarketa sakon baten ondorioa dira; izan ere, ez dute uste justua denik erreserbatzeak dakarren esklusibotasuna arrasatear guztiek ordaindu behar dutenik. Gaineratu du, era berean, gaur egun erreserba egitea merkeagoa dela. Ordaindu beharreko sinbolikotzat jo du eta esan du inguruko herrietan baino merkeagoa dela erreserba egitea: "Arrasaten inguruko herrien %20-%25 ordaintzen da".