Kuota egokitu behar izan du Arrasateko San Felipe Apostol elkarlaguntzako elkarteak

Jagoba Domingo 2014ko urt. 26a, 15:20

Bazkideek onartu dute hiru urtean 25 eurotik 45 eurora pasatzea, Eusko Jaurlaritzaren eskakizuna betetzeko. Zuzendaritza berritu dute, eta urte honetarako aurrekontuari oniritzia eman: 293.233 euro.

Batzar Nagusia egin zuen domekan Arrasateko San Felipe Apostol elkarlaguntzako elkarteak. Bertan, elkarteko presidente Juanjo Pagaldaik bazkideei azaldu zien ezustekoa iritsi zaiela orain gutxi Jaurlaritzatik. Izan ere, ia 900.000 euroko ondarea izanda egoera ekonomikoarekin arazorik ez zegoela uste, baina Lakuatik iritsi zaien agindua izan da 6 milioi behar dituztela ia elkartearen bideragarritasuna ziurtatzeko: "Hemen orain arte ulertzen genuen dirua bageneukan urtero urtero gastuak ordaintzeko nahikoa zela". 2013ko gastuak, adibidez, 271.000 euro izan ziren, eta bazkideen ekarpenen ondorioz sartutako dirua 308.000. Arazorik ez, beraz; itxuraz.

Jaurlaritzak, ordea, luzera begirako planteamendua egitera behartzen du orain, eta kalkulatzera ze diru beharko litzatekeen bazkideen heriotzei aurre egiteko suposatu gabe bazkide berriak sartzen joango direla, gaur egun daudenekin bakarrik; hortik ia 6 milioiak: "Orain, urteko kuota 45 eurora igota, badakigu gai izango garela gure heriotzen gastuei aurre egiteko, bazkide berri gehiago ez sartuta ere". Kuota igoera, baina, hiru urtetan banatuta egingo dute: bost euro aurten eta hamabost datozen bi urteen artean. Pagaldairen arabera ulertzekoa da Jaurlaritzaren eskakizuna, elkartea gaizki joango balitz bere erantzunkidetasun zatia balukeelako Lakuak; hortik normala ikustea gainean egote hori.

Azkenik, 2014ko aurrekontua ere onartu zuten bazkideek: 293.233 euroko gastua eta 355.000 euroko sarrerak. Zuzendaritzaren erdia ere berritu zuten; presidente izaten, baina, Juanjo Pagaldaik jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak