Urrian izan zuten Lanbideko langileek Urkullu lehendakariaren exekutiboak aurrera eroan nahi duen Lanbideren berrantolaketaren berri. Eusko Jaurlaritzaren planen arabera, Lanbideko 200 langile kalean geratuko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko bulegoek ere aldaketak izango dituzte. Lan zerbitzu publikoko langileek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen babesarekin berregituraketa honen aurka azaldu dira. Momentuz bi greba egin dituzte eta egubakoitzero 15 minutuko elkarretaratzeak egiten dituzte.
Oraindik Jaurlaritzatik ez dute erantzun zuzenik jaso, baina abenduan martxan jartzeko zen berrantolaketa momentuz ez da gauzatu. Langileek azpimarratu dute euren lanpostuen aldeko aldarrikapen bat egin baino, eredu publikoaren defentsan egiten dutela protesta."Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbideren bulegotan eta gizarte zerbitzuetan 900 pertsona gabiltza lanean. Horietatik 200 kalera joango gara proposatzen duten berrantolaketa honekin. Hori urrian jakin genuen eta ordutik hasi ginen mobilizazioak egiten. Murrizketen eta kaleratzeen aurka, eta zerbitzu publikoaren defentsan biltzen gara", adierazi zuen Lander Garzia Lanbideko langileak.