BAZekoa da Arrasateko Udalak atera duen lehen Zerbitzu Gutuna, aitzindaria. Asmoa da apurka-apurka beste zerbitzuen gaineko gutunak ateratzen joatea: Udal-biblioteka, Aukea, Udal euskaltegia, Ongizate zerbitzua, Amaia antzokia… Azken helburua da herritarrek Udalaren jardunaren berri "zehatza" izatea.
Informazio zabala
BAZeko Zerbitzu Gutunak , informazio erabilgarria jasotzeaz gain –ordutegiak, telefonoa, helbideak...–, bulegoan kudeatzen diren tramite garrantzitsuenen zerrenda ere ematen du.
Horrez gain, BAZek kalitateari begira hartzen dituen konpromisoak irakur daitezke: ordutegi zabala, banan-banako arreta, tratu atsegina eta adeitsua, itxaronaldiak laburrak izatea eta langileak behar den denbora erabiliko duela herritarren eskaera kudeatzeko, besteak beste. Gainera, liburuxkan BAZen ezarrita dauden jarraipen eta jarduera adierazleak ere kontsulta daitezke. Gainera, aldiro azterketa bat egingo da herritarren gogobetetze-maila neurtzeko; era berean, bataz besteko itxaronaldia ere neurtuko dute.
Bestalde, zerbitzua erosoagoa izan dadin zenbait gomendio ere jasotzen ditu idatziak: dokumentazio osoa eta zuzena eramaten saiatzea, zerbitzua jende gutxien dagoenean erabiltzea (13:00-16:00) eta lehenbailehen ematea norberaren jabetzan eman ahal izan den edozein aldaketaren berri.
Zerbitzu Gutuna osorik irakurtzeko klikatu hemen.