Nondik datorkizu magia egiteko zaletasuna?
Txikia nintzenean, Magia Borras-eko kaxa erregalatu zidaten. Orduan hasi nintzen lehenengo joko eta trukuak egiten. Gainera, telebistan agertzen ziren magoek egiten zituzten ikuskizunek asko harritzen ninduten. Hasieran, zaletasuna besterik ez zen, baina 2012an eta 2013an serio jarri nintzen. Eta orain, berriz, denbora luzea pasatzen dut magiaren munduan murgilduta.
Nola hasten da bat magia serio egiten?
Nik neure kabuz ikasi nuen, eta oraindik ere ikasten dut. Badaude hainbat aukera adituekin ikasteko; magia eskoletan, elkarteetan, magia kurtsoak ere badaude... nik, ordea, bakarrik ikasten dut, lortzen ditudan baliabideekin: liburuak, bideoak, DVDak, Interneteko tutorialak...
Nola lortzen dituzu baliabideak?
Egun, aukera paregabea daukagu Internetekin. Ordainpekoak diren hainbat baliabide debalde eskura ditzakegu sarean. Hainbat liburu, esate baterako, PDF formatuan jaits ditzakegu eta, horrez gainera, Youtubek ere aukera ezin hobea ematen digu beste mago batzuen bideo tutorialak ikusteko.
Zer ikasten duzu liburuekin eta zer bideo tutorialekin?
Liburuetan, ohikoa den moduan, teoria izaten da, gehienbat. Alde batetik, hainbat truku eta jokoren tekniken nondik norakoak erakusten dituzte. Beste zati askotan, jendearen aurrean nola antzeztu, hainbat egoeraren aurrean nola jokatu... azaltzen dute.
Zuk zeuk zer lortzen duzu magia eginda?
Asko disfrutatzen dut magia egin osteko jendearen erreakzioekin. Truku bat egin ondoren harrituta gelditzen da jende asko eta barrutik irteten zaien irribarre horrek guztiz betetzen nau. Gainera, asko miresten ditut magia trukuak asmatzen dituztenak. Esaterako, kartekin magia sortzea izugarria da niretzat.
Zein momentutan erabiltzen dituzu magia joko edo trukuak?
Momentu askotan egiten dut magia. Ez da eguneroko gauza bat, baina ezagutzen nauen jendeak hainbat momentutan eskatzen dit trukuren bat edo beste egiteko. Bazkarietan, zapatu gauetan, lagunartean...
Zein izan zen ikasi zenuen lehenengo trukua?
Zehazki, ez nago ziur zein izan zen, baina, seguruenik, kartekin eginiko bat izango zen, gehientsuenak kartekin egiten baititut. Txikitako joko automatiko horietako bat izango zen, matematikoak direnak. Kartak pasatzen joaten zaren horietako bat, eta bai edo bai beti karta bera irteten denetako bat.
Youtuben kanal bat daukazu, eta, hain zuzen ere, zure trukuak erakusten dituzu bertan.
Hasiera batean, jendaurrean egongo banintz bezala erakusten nituen trukuak. Musika pixka bat jarri, eta kamera aurrean magia egiten nuen. Hala ere, ikusten nuen Youtuben jarraitzen ninduen jende askok gero eta gehiago eskatzen zidala trukuak nola egiten ziren erakusteko. Gainera, horietako asko hegoamerikarrak ziren, eta ez dute Internet ez den beste baliabiderik lortzeko aukerarik. Beraz, trukuak nola egiten diren erakustea erabaki nuen.
Zenbat harpidedun dituzu, gutxi gorabehera?
8.000ko ikusle kopurua gainditu nuen joan den astean.
Zer ekarpen egiten dizu zuri Youtubeko kanalak?
Egia esan, diru pixka bat irabazten dut honekin, eta, gehienbat, magia egiteko material egokia eta kalitatezkoa erosteko erabiltzen dut. Erabiltzen ditudan kartak, esaterako, diseinuzkoak dira.