Helburu garbiarekin irtengo dira Kanpazar ART taldeko errugbilariak Mojategiko zelaira bihar, zapatua, 16:30ean. Hain zuzen ere, Iruñearen aurkako partidua irabaziz gero, jarraian lortzen duten laugarren garaipena erdietsiko dute.
"Orain arte ez dut zifra horretara iristea lortu eta bolada onari eustea bilatuko dugu biharko partiduan". Hala eman du aditzera Igor Isasik, Arrasateko taldearen entrenatzaileak.
Taldea, ilusioz
Iruñearen aurka urte hasieran ere jokatu zuten. "Lehenengoak dira sailkapenean, eta gu bigarren goaz. Gogorra izango da, ziur. Baina, halere, gogotsu irtengo gara zelaira". Taldea ilusioz ikusten du Isasik."Bigarren joateak laguntzen du sentsazio hori izaten, noski". Urtea hasi zenetik partidu gogorrei egin diete aurre Isasiren mutilek. "Biharkoaren ostean, astebeteko atsedenaldia hartuko dugu, merezita!".