Fagor Etxetresnen kasua, 'Wall Street Journal'-en

Leire Kortabarria 2014ko urt. 22a, 14:24

Wall Street Journal-en titularra.
"Atzeraldiak Espainiako kooperatiben arteko loturak gastatu ditu" tituluarekin agertu zen The Wall Street Journal aldizkari ospetsuan Fagor Etxetresnen gainbeheraren inguruko albistea, abenduaren 26an.

Christopher Bjork-ek sinatutako piezak Etxetresnen itxierak Mondragon Korporazioko beste kooperatibetan izan duen eragina aztertzen du, eta esaten du Korporazioaren egitura "kolokan" jarri duela: "Beste 109 kooperatiben arteko loturak hondatu ditu eta kooperatiba ahulenen konfiantza murriztu du", esaten du artikuluak. "Geratzen diren 80.000 langileetatik asko lanpostua galtzeko beldur dira orain", gaineratzen du.

Kapitala lortzeko aukerak

Fagor Etxetresnen kinka larriak "ahulezia bat azaleratzen du: kooperatibek kapitala lortzeko aukera gutxiago dituzte atzeraldi bati aurre egiten dabiltzanean". Are gehiago: "Fagor baliabiderik gabe utzi zuen Espainiaren beheraldi luzeak, orain, sortzen lagundu zuen sarearen printzipioak mehatxatzen ditu: zuzendaritza demokratikoa eta langile-jabeendako enplegu segurua".
AEBetako Kent State Universityko George Cheney aditua aipatzen du artikuluak. Bere iritziz, kooperatiba sarea krisi horretatik irtengo da, "baina oztopo handiak izango ditu".

Driron-aren porrota

Hiru faktore aipatzen ditu WSJk Etxetresnen gainbehera azaltzeko: Brandt erosi izana "Whirlpool eta Electrolux-ekin lehiatzeko" eta "muntaia-lan gehiena Espainian eta Frantzian uztea"; Driron gailuarekin 6 milioi euro galdu izana –"sekulako porrota" izan zela dio artikuluak–; eta, bere lege-izaerarengatik, kapital berria lortzeko zituen mugak.
Artikulu osoa (ingelesez), The Wall Street Journal-en webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak