Erronka ugari ditu bere gain Besaidek aurten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko urt. 17a, 17:05
Atzo, urtarrilak 16, egin zuen Besaide mendi elkarteak urteko batzar orokorra. Gai ugari izan zituzten hizpide Kulturateko bileran; besteen artean, 2013ko jardueren errepasoa egin zuten eta 2014ko erronkez ere egin zuten berba.

Mendi irteerak eta Mondran Bike martxa nabarmentzen dira 2013ko ekintzetatik, Besaideko Aitor Zubiagak dioenez: "Jende gehien elkartu izan diren bi ekintzak izan dira. Bizkaiko bira, esaterako, arrakastaz amaitu zuten".  

Arabako bira, Mendi Film Tour...

Bizkaia utzita, Arabako bira egingo dute 2014an, nahiz eta lehenengo irteera (ohiturari jarraituz) sagardotegira egingo duten; Usurbil aldera joango dira, otsailean. Ostean hasiko dituzte Arabako lautadarako irteerak. Apirilean hasita, etapa ezberdinak antolatu eta azaroan emango diote amaiera ekimenari.

Mendi Film Tour ere ekarri dute azken bi urteotan Arrasatera eta aurten ere errepikatzeko asmoz dabiltza. "Daukan arrakasta aintzat hartuta goizetik antolatu gurako genuke zerbait, gazte jendearentzat ere erakargarri bilakatuz".

Erronkei dagokienez, Aiba! mendi martxa antolatzeko ideia dute buruan. "Orain arteko antolatzaileekin bilera egin eta baloratu egingo dugu antolatu ala ez. Baina lantaldea osatzea funtsezkoa izango da, bestela beti berdinak egoten dira nahasita". Eta bide beretik joango litzateke Besaide Egunaren antolaketa ere.

"Bestalde, eginda daukagun bide publikoen inbentarioari irteera eman gura diogu. Plenotik pasatzeko konpromisoa hartu du alkateak eta garrantzitsua da guretzat, ofizialtasuna emateko balioko du eta".

Amaitzeko, Besaideko bazkideak animatu gura dituzte Leixargarateko aterpea erabiltzera. "Aizkorri-Aratz parkean dago eta merezi du bertara joatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak