Doke Antzerki Taldeko kide den Pagoaga pozik dago aurrez aurre duen erronkarekin: "Zortea izan dut, castingna pasatu nuen eta aurrera. Antzerkia da nire zaletasuna, eta hor sartuta nabil, hortaz, oso pozik nago".
Izenak berak dioen legez Jose Antonio Lasa eta Jose Inazio Zabala gazte tolosarren istorioa izango du ardatz filmak. Malo zuzendariak istorio erreala eskaini gura du, eta Pagoaga Lasaren ama izango da: "Ez da paper handia, Tolosako gazteak direlako protagonista, baina neu ere hortxe izango naiz". Gainera, ama izanik sentimenduei dagokienez samurragoa izango dela paperean sartzea argitu du: "Neu be ama naiz, eta garai hura bizi izandakoa, gainera, hortaz, ordukoak berreskuratuko ditut paperean sartzeko".
Sei errodaje egun
Urtarrilaren 27an hasiko dira filma errodatzen, Baionan, eta Pagoagari sei egunetako errodajea egokitu zaio; otsailaren 4an, 5ean eta 7an izango da Donostian Maloren aginduetara, eta martxoan beste hiru egunetan. Baina dagoeneko hasi da filmaren gaineko kontuetan murgiltzen, izan ere, astean izan ditu ile-apaiketa eta jantzi probak.
Badaki ikusmina sortuko duen filma izango dela, kontatuko duen istorioa dela-eta: "1983an gertatu zenez gazteek, seguru asko, ez dute ezagutuko eta beste batzuek erdi ahaztuta izango dute, hortaz, ondo deritzot gogora ekartzea".
Bi filma estreinatzeko
Pagoaga eskarmentu handiko aktorea da; Doke Antzerki Taldeko kide izanik antzerkian dabil buru belarri, baina Euskal Telebistako Goenkale telesailean ere agertu izan da. Film luzeetara 2009an egin zuen salto, 80 egunean luzemetraiarekin. Paper esanguratsua izan zuen han: "Garrantzitsua izan zen hura, eta oso polita, gainera". Eta haren ostean etorri ziren Bi anai eta El precio de la libertad. Iaz beste bi film egin zituen: Loreak eta Tres Mentiras. Oraindik estreinatzeko daude biak, eta laster izango dira gure zine aretoetan. Lasa eta Zabala, ostera, urtea bukatu baino lehen ez da izango ikusteko moduan.