Txema Gisasolak dimisioa aurkeztu du

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 17a, 14:03

Txema Gisasola, Mondragon Korporazioko presidente ohia.
Txema Gisasolak dimisioa aurkeztu du gaur –egubakoitza– Kontseilu Orokorrean, "arrazoi pertsonalengatik", korporazioak prentsa-ohar bidez jakinarazi berri duenez. Mondragon Korporazioak hausnarketa epe bat ireki du bere etorkizuna diseinatzeko. Mondragonen etorkizuneko ereduaren oinarrizko ezaugarriak zehaztuko dituzte orain eta Kontseilu Orokorreko lehendakari berria Mondragonentzako esparru proiektu berria definitzen amaitu eta gero izendatuko dute. Albiste barruan, oharra osorik.

Mondragon Korporazioaren prentsa-oharra, osorik:

"MONDRAGON Korporazioari atxikitako kooperatibek azterketa eta hausnarketa etapa bati ekingo diote, datozen urteetako jardueraren esparru orokorra diseinatzeko. Lehen pauso gisa, Korporazioko hainbat kooperatiba eta arlotako arduradunek osatutako talde bat arduratuko da abiapuntuko egoeraren balorazioa egiteaz, eta datozen urteetan jarduteko ildo nagusiak identifikatu eta jarraitu beharreko bide orria marraztuko du.

Etapa hau Txema Gisasolak, arrazoi pertsonalengatik, Kontseilu Orokorrean dimisioa eman eta gero hasten da; hain zuzen ere, bere despedidan erreibindikatu egin ditu "elkartasun, esfortzu, lehiakortasun, berrikuntza teknologiko eta gizartearekiko konpromisoko" printzipioak, MONDRAGONen elkartutako kooperatiben funtsaren eta beraien etorkizuneko zutabeen oinarri gisa.

Kontseilu Orokorreko lehendakari berria MONDRAGONentzako esparru proiektu berria definitzen amaitu eta gero izendatuko da.

Batzorde Kudeatzailea

Une honetatik aurrera, gaur egungo lehendakariaren dimisioak eragindako egoera Batzorde Kudeatzaile baten sorrerarekin bideratuko da, Kontseilu Orokorraren baitan, Korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatzeko eta elkartutako kooperatiba guztietako bazkide guztiek etorkizunean MONDRAGON nola izango den erabakitzeko oinarriak jartzeko. Jarduteko esparru horren ildoak datozen urteetan Taldea gidatuko duen lehendakari berriak aurkeztuko dizkio 2014ko Kongresuari.

Gaur egungo krisi ekonomikoaren eszenatokian, MONDRAGON Korporazioaren iritziz beharrezkoa da "azterketa, hausnarketa eta eztabaida kolektiboko" etapa honi ekitea, krisi ekonomiko globalak dakarren erronkari garantiekin aurre egiteko.

Korporazioak berretsi egiten du Eredu Kooperatiboan duen erabateko konfiantza, aberastasuna sortzeko motor gisa, eta bera parte deneko ingurunearen etorkizunaren aldeko konpromisoaren alde egiten du irmoki".

Erlazionatuak

Bukatu da Txema Gisasolaren aroa

Goiatz Arana Begiristain 2014 urt 17 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak